Tradizinoa eta modernidadea batu ditu Xabi Aburruzagak 'Geure' disko barrian

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-11-20 14:54   Musikea

Prozesu luzea izan da, urte bi eta erdikoa, baina ilusino eta poz handiz dakarsku Xabi Aburruzaga musikari portugaletetarrak bere hirugarren diskoa dan Geure (DNDiskak). Tradizinoa eta modernidadea buztartu ditu hamahiru kantetan, eta Mikel F. Krutzaga izan dau produktore.

Prozesu luzea izan da, urte bi eta erdikoa, baina ilusino eta poz handiz dakarsku Xabi Aburruzaga musikari portugaletetarrak bere hirugarren diskoa dan Geure (DNDiskak). Tradizinoa eta modernidadea buztartu ditu hamahiru kantetan, eta Mikel F. Krutzaga izan dau produktore.

Grammy bat irabazitako Mikel F. Krutzaga hasiera-hasieratik izan da Geure diskoaren garapenean, entseguetatik hasita, Aburruzagak berak azaldu dauenez. Sonoridade propioa sortu nahi izan dogu, eta lortu dogula uste dot. Argitaratutako hiru diskoetatik hauxe dau eleganteena. Arlo musikalaz gan, Aburruzaga harro dago diseinuaz, argazkiez eta bideoaz. Oso pozik nago zentzu guztietan, ganeratu dau.

Eloy Urrejola (baju elektrikoa), Aitor Antruejo (gitarra akustikoa), Igor Telletxea (bateria), Xabier Zeberio (biolina), Jose Urrejola (flautea eta perkusinoak), John Makinen (tubea) Irkus Ansotegi (panderoa), Arkaitz Mioner (mandolinea), Javier Perez (tronpetea), Abraham de Roman (saxoa), Juyma Estevez (kontrabajua) eta Baptiste Techer (tronboia) musikariak izan ditu, besteak beste, lagun grabazinoan. Danen lana nabarmendu dau Aburruzagak: Diskoaren izenburuak berak ondo azaltzen dau, izan be geure, danon lanaren emoitzea da eta.

Aburruzagaren lehenengo diskoan trikitixea izan zan nagusi, eta bigarrenean, bazebilen zeozeren bila. Hirugarrenean, antza, topau da bila ebilen hori. Ez dot ahaztu nondik natorren, trikitilaria naz ni. Trikitia beste tresna batzuekaz aberastu dogu disko honetan, baina esentzia galdu barik, azaldu dau.

Hamahiru kantetatik, lauk berbak ditue, eta ganerakoak instrumentalak dira. Portugaletetarrak ez dau kantarik idatzi, hoba profesionalei ixtea hori. Unai Elorriaga (Erlojua ito), Kirmen Uribe (36ko Gabonetan) eta Iñaki Aurrekoetxea (Soinu gorria eta Triolarilero) izan ditu letragile. Ahotsetan be kolaborazinoak izan ditu; The Uski´s taldekoak, Zigor Sagarna eta Laura Latienda.

Bidaiak, bizipenak eta eguneroko bizimodua dira Geure diskoko abestien iturria. Basque americans AEBetako Buffalo urira egindako bidaia baten ondorio da, eta Montmagny, Quebeceko ibilerena. Waltz for Ixa amari eskainitako kantea da, esaterako.

2013ko martian eta apirilean grabau eben diskoa, Garate estudioan. Azkenengo grabazino, nahasketa eta mansterizazinoa Musikarten egin dabe, Mikel F. Krutzagaran gidaritzapean.

Zemendiaren 22an ordu erdiko emonaldi laburtxua egingo dau Aburruzagak Donostiako Fnac dendan, 19:00etan. Abenduaren 5ean, Durangoko Azokan joko dabe, Ahotsenean. Ostean, kanpotik ibiliko dira, Kantabria eta Galizia aldean. Bilbon eta Donostian aurkezpen-kontzertu potente bi emon gura ditue, talde osoagaz. Baina, gehien-gehienetan hirukote lez jardungo dabe. Gaur egungo egoereagaz -onartu dau- errealistak izan behar gara, ezin geinke formatu handian jo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu