Jabier Muguruza nostalgia barik dator 'Beste hogei' behar barrian
2013-10-24 15:54 MusikeaHogei urte egin barri ditu Jabier Muguruzak musikagintzan, eta beste hogei be beteteko prest dago bere disko barriaren arabera, Beste hogei. Urteurren honetan baina, nostalgia gitxigaz dator. Hamar kanta barrik osotzen dabe irundarraren 12. lana.
Hogei urte egin barri ditu Jabier Muguruzak musikagintzan, eta beste hogei be beteteko prest dago bere disko barriaren arabera, Beste hogei. Urteurren honetan baina, nostalgia gitxigaz dator. Hamar kanta barrik osotzen dabe irundarraren 12. lana.
Beste hogei izenburuak segiduteko gogoa adierazoten dau, sasoi gatx honeetan aurrera egiteko gogoa, bai maila kolektiboan bai personalean. Urte emonkorrak izan dira, Muguruzaren berbetan: 12 disko, 500 bat kontzertu Euskal Herrian eta kanpoan, ountako artistekaz joteko aukerea.
Disko barriagaz gustura geratu da Muguruza. Urteurrena baino diskoari berari garrantzi handiagoa emon deutso. Aurreko Bikote bat lanaren bide berean doa behar barria, baina akaso kolore gehiago dauka honek. Pintzeladak dira, baina ez anekdotak. Garrantzitsuak dira diskoan, nabarmendu dau.
Mikel Azpirozen pianoa da Beste hogei-ren bizkarrazurra, eta koloreak Gorka Benitezen saxoak, Xabi Zeberioren biolinak, Joseba Tapiaren soinu txikiak, Chris Kaseren tronpeteak eta Mireia Otzerinjauregi eta Uxiaren ahotsek ipinten ditue. Hitzen egileen artean, aspaldiko kolaboratzaileak izan ditu oraingoan be: Iñaki Irazu, José Luis Padrón, Bernardo Atxaga, Lourdes Oñederra, Harkaitz Cano eta Joxemari Iturralde.
Iñaki Irazu bera be diskoaren aurkezpen-prentsaurrekoan izan da. Muguruza gure gizarte kronikagile modernoa dala erixten deutso, tradizino narratiboaren haria segiduten dauen kantaria, hain zuzen be. Mikel Azpiroz pianisteari barriz, Irazuk aitatutako narrazino horreetan erabilitako kontzeptu estetikoa interesetan jako gehien. "Isiltasuna eta soiltasuna, hutsaren erabilpena. Jabierrek hartutako printzitzipio estetikoa oso interesgarria da.
Euskal Herritik kanpo emongo ditu Beste hogei diskoa aurkezteko lehenengo zuzenekoak, Madrilen, Bodelen eta Zaragozan. Abenduaren 27an Sestaon joko dau, eta datorren urtean, urtarrilaren 22an, Donostian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!