'Azukre koxkorrak' kapritxozko diskoa kaleratu dau Ruper Ordorikak
2013-10-04 15:46 MusikeaHamabi azukera koskor batu ditu Ruper Ordorikak behar barrian, gustuko dituen taldeen kanta bana. Kortatu, Xabier Lete, Errobi, Mikel Laboa, Hertzainak eta abarren abestiak bere erara ekarri ditu Azukre koxkorrak (Elkar) lanean. Laster hasiko ditu zuzenekoak oñatiarrak, lehenengoa Baionan, hilaren 25ean.
Hamabi azukre koxkor batu ditu Ruper Ordorikak behar barrian, gustuko dituen taldeen kanta bana. Kortatu, Xabier Lete, Errobi, Mikel Laboa, Hertzainak eta abarren abestiak bere erara ekarri ditu Azukre koxkorrak (Elkar) lanean. Laster hasiko ditu zuzenekoak oñatiarrak, lehenengoa Baionan, hilaren 25ean.
Banda eta kantari ezagun-ezagunen lanek osotzen dabe oñatiarrak aukeratutako dozenea: Sigarrillos amariyos (Hertzainak), Ezekielen prophezia (Itoiz), Sarri, Sarri (Kortatu), Garraztasuna (Koska), Txakurren partia (Txomin Artola), Kanpo (Errobi), Emazurtz (Oskorri), Izarren hautsa (Xabier Lete), Nahia (Delirium Tremens), Ama Euskadi (Etxahun Iruri), Nun duzu zauria? (Balerdi, Balerdi) eta Gure bazterrak (Mikel Laboa).
Musikari gehienak ondo ezagutzen ditu Ordorikak, eta ia danen telonero izan da. Uste dot Guinnes errekorren bat izango dodala horregaitik. Hertzainak, Kortatu, Itoiz, Txomin Artola... eta beste batzuen aurretik jo izan dot, gogoratu dau. Eta danek poz handia hartu dabe bere proiektuaren barri izan dabenean.
Azukre koxkorrak diskoa ez da antologia bat, nabarmendu dau Ordorikak. Beste musikari batzuen kantak hartu, euron barruan sartu, eta norberaren esparrura ekarten ahalegindu da. Diskoan ez dago kritikarik sasoi bati, ganeratu dau. Lehenagotik be ibilera luzea daukien abestien bersinoa egitea kapritxoa izan da, ospatu nahi izan dot.
Lan polita eta dibertigarria izan da Arkaitz Miner (gitarrak, biolina, mandolinea), Fernando Lutxo Neira (bajua) eta Hasier Oleaga (bateria) taldekideekaz batera, inoren kantak hartu eta bersinoak egitea. Kantakaz olgau egin dabela autortu dau; lokalean prisa barik ibili dira, kantak landu eta grabau. Binaka edo hirunaka eroan ditue kantak estudiora, urtebete eta erdi honetan. Disko osoa ekinaldi bakarrean grabetea ezinezkoa izango litzateke, niretzat behintzat, adierazo dau. Inoren abestietan sartzea asko kostetan jat. Denporea behar dot kantea neure egiteko.
Zuzenekoetako teknikari Jonan Ordorikak egin ditu grabazinoa eta nahasketak, Azkarate estudioan. Ben Monder konbidau berezi izan dabe Txakurren partia, Ama Euskadi eta Ezekielen prophezia kantetan.
Baionan emongo dau lehenengo kontzertua Ruperrek, urriaren 25ean, eta 31n, Iturenen joko dau. Hurrengo zuzenekoak zemendian eta abenduan izango dira: zemendiaren 24an, Donostiako Victoria Eugenian; 29an, Durangoko Plateruena kafe antzokian; abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian; eta, 27an, Gasteizko Jimmy Jazzen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!