X. Bidaiarien Txokoak egitarau potoloa dakar
2013-10-02 18:46Urriaren 17an, barrikuntza lez, joan dan urteko abenduan Bilbon egindako Mendi Film Festivalen eskainitako lanen erakusketea egingo da. Holan, bertan erakutsi eta jaialdira joan ziran personen artean interes gehien sortu ebenetakoak izandako hiru dokumental eskainiko dira: Of Soul + Water: The Mother, Silbergeier eta Erhard Loretan: Respirer l'odeur du ciel.
Surfa, kirol horren aitzindarien ikuspegitik, adimen urritasuna daben personek oinez egindako 300 kilometroko ibilaldi handia, Olentzero bereziaren bizipenak mundu osoko hainbat lekutan, mendizale batek azken hamarkadan bizi izandako esperientzia, Elkanoren bidaia handiaren oroitzapena, umeei egindako konbidapena bizikletaz munduari itzulia emoteko, edo ibiltari komunidadea ezagutzeko aukerea. Abentura eta esperientzia horreek guztiak bizi dituen protagonistek helarazoko deutseez zuzenean Bilboko ikus-entzuleei Bidaiarien Txokoa ekimenaren hamargarren edizinoan.
Urriaren 7an, 8an, 9an, 10ean, 14an, 15ean eta 16an berbaldiak egongo dira, ikus-entzunezkoakaz batera, 19:30ean hasita, urriaren 14koa, 19:00etan hasiko dana, eta 15ekoa izan ezik, umeei zuzenduta dagoana eta 18:00etan hasiko dana. Parte hartuko daben hizlarien artean azpimarratzekoak dira Kepa Acero surflaria, Alberto Iñurrategi mendizalea, Talur Elkartea edo Iñigo Iraultza García Iru, besteak beste.
Programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilbon, Iñaki López de Aguiletak, Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariak, Nagore Zuazok Bidaiarien Txokoa - Rincón de la gente viajera ekimenaren ardurea dauen Kultur Programatzaileak, eta datorren urriaren 7an bidaiei buruzko berbaldi zikloari hasierea emongo deutson Kepa Acero surflariak.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimena Begoñako Barrutian egingo da, Txurdinagako kiroldegiaren ondoan dagoan Begoñako Udaltegian. Egitarauaren barruan erakusketa bat, berbaldiak eta proiekzinoak egongo dira. Horrezaz gan, musikea, jantzea eta gorputz adierazpena indar handiz nahasten dituan kaleko batukadea be egongo da, Kataluniako Brincadeira! taldearen eskutik, barikuan, urriaren 4an (21:30ean), Santutxu auzoan, Basarrate plazatik La Zona izeneko ingururaino.
Aurten, gainera, Bidaiarien Txokoa ekimenaren hamargarren urteurrena beteten da, eta antolatzaileek hori ospatu nahi izan dabe. Hori dala eta, urriaren 12an, jai berezia ospatuko da Bilborock-en (20:00etan), eta bertan, Munduko Emakumeak Alkarteari esker, hurreratzen diranek munduko hainbat lekutako janari gozoak probetako aukerea izango dabe. Ekitaldiari amaierea emoteko, Gibelurdinek taldearen musika emonaldia izango da. Lau musikari bizkaitarrek osotutako taldeak hainbat kulturetako eta herritako soinuak eta erritmoak jasoten ditu. Bestalde, jaian zehar, Eroski Bidaiak taldeari esker, Asturiaseko Hotel-ap Picu Castiellun 2 personentzako gau bateko 3 egonaldi zozketatuko dira.
Bidaiarien Txokoa ekimenaren hamargarren urteurrenak programearen egituraketeari jagokozan barrikuntzak be ekarriko ditu. Aurten, proposamena freskatzeko eta batzeko asmoz, urriko lehenengo hiru asteetara mugatuko da, orain arte lez bi hilebetetan luzatu beharrean. Hiru aste horreetan, urriaren 1etik 19ra, Begoñako Udaltegiak Munduari begira-Viajando en torno al globo erakusketea jasoko dau, munduari itzulia emoteko mila atxakiei eta mila modu posibleei buruzko gogoetea proponiduten dauen erakusketea.
Azkenik Bidaiarien Txokoa programeak, euren edukiagaitik, egitarauaren filosofiaren barruan lekua daben dokumentalak be eskainiko ditu; holan, urriaren 11n, arratsaldeko 18:30etik aurrera, EITB-ko Chiloe bidaia programa ezaguneko zenbait dokumental eskainiko dira, bata bestearen ondoren, maratoi moduan, Euskal telebista publikoaren laguntzinoari esker.
Beste alde batetik, urriaren 17an, eta barrikuntza lez, joan dan urteko abenduan Bilbon egindako Mendi Film Festivalen eskainitako lanen erakusketea egingo da. Holan, bertan erakutsi eta jaialdira joan ziran personen artean interes gehien sortu ebenetakoak izandako hiru dokumental eskainiko dira: Of Soul + Water: The Mother, Silbergeier eta Erhard Loretan: Respirer l'odeur du ciel.
Aurreko bederatzi edizinoetan, Bidaiarien Txokoa ekimenak harrera bikaina jaso dau, herritarren parte-hartzeari jagokonez, izan be, edizino horreetan 15.500 persona inguruk hartu dabe parte. Ikus-entzuleek mota guztietako hizlariak izan ditue, bidaien mundura hainbat esparrutatik eta ikuspuntutatik izan daben esperientzia azaltzeko. Beste askoren artean ondokoak igaro dira Udalak bultzatutako ekimen honetatik: Pou anaiak, Juanra Madariaga edo Josune Bereziartu mendizaleak eta eskalatzaileak; Unai Basurko nabigatzailea; Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe txirrindulariak; Urtzi Urrutikoetxea, Ander Izagirre edo Jon Arretxe idazle eta kazetariak eta abar luzea.
X. Bidaiarien Txokoa
Erakusketea:
1-19: Munduari biraka-Viajando en torno al globo. Begoñako Udaltegian.
Kaleko ikuskizuna:
Urriak 4, 21:30ean. Brincadeira! batukadea. Basarrate plazatik La Zona ingururaino, Santutxun.
Berbaldiak + ikus-entzunezkoak:
Urriak 7, 19:30ean. It’s not about the waves, Kepa Acero.
Urriak 8, 19:30ean. GR-99: Los colores del camino, Talur elkartea.
Urriak 9, 19:30ean. Olentzero Munduan, Arraun the world. El viaje de un sentimiento, Iñigo Iraultza García Iru.
Urriak 10, 19:30ean. Porrotaren alde - Elogio del fracaso, Alberto Iñurrategi.
Urriak 14, 19:00etan. Bilbotar bat Elkanoren mundu biran, Xabier Alberdi (euskeraz).
Urriak 15, 18:00etan. Faustinitarekin munduratuz, Eneko Etxebarrieta (umeentzat – euskeraz).
Urriak 16, 19:30ean. ¿Quieres participar en la comunidad de ibiltaris?, Mikel Bringas.
Urtebetetze jaia (10. urteurrena):
Urriak 12, 20:00etan, Bilborock-en. Munduko janarien dastatzea eta Gibelurdinek taldearen kontzertua.
Proiekzinoak:
Urriak 11, 18:30ean. Chiloe programako dokumentalen maratoia, EITB-ren laguntzainori esker.
Urriak 17, 19:30ean. Mendi Film Festival: Of Soul + Water: The Mother, Silbergeier, Erhard Loretan: Respirer l'odeur du ciel.
Lekua: Begoñako Udaltegia (Txurdinagako kiroldegiaren ondoan), beste leku batzuetan iragarritako jarduerak izan ezik. Sarrerea dobakoa izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!