UEMAren eretxiz, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak udalerri euskaldunak autortu arren ez dakar euskalduntzeko neurririk

Bizkaie! 2013-09-20 10:56   Euskerea berbagai

Horixe da eskatzen doguna: udalerri euskaldunek hizkuntzearen biziraupenean daben garrantzia autortzetik abiatuta, udalerri horreek zaindu eta erabateko normalizazinoa lortzeko behar dituen hizkuntza politika aurrerakoiak alkarlanean bultzatzea.

UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak joan dan astean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako arduradunek aurkeztu eben Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) barriaren balorazinoa egin dau, eta, udalerri euskaldunak autortzen dituala txalotu arren, euskalduntzeko neurririk ez dauela proponiduten salatu dau. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadearen eretxiz, lehen aldiz Jaurlaritzearen normalizazino plan batean, gune geografiko euskaldunenek toki berezia dabe, eta hori pausu garrantzitsutzat jo dau, hainbat urtetan udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoa kontuan hartzearen garrantzia azpimarratzen ibili ondoren.

ESEP osotzerakoan udalerri euskaldunei lehen aldiz toki bat eskaini bajake be, UEMAk dino Jaurlaritzeak ez dituala arnasguneen garapen soziolinguistikorako beharrezkoak diran neurriak zehaztu, eta hori egiteko eskatu zanean be, ekarpenak ez zirala aintzat hartu. Holan, UEMAren eretxiz, hutsune nabarmenak dituan plana onartu barri dau Jaurlaritzeak.

Udalerri euskaldunetan normaltasunez euskeraz bizi garen arren, zenbait esparrutan hutsuneak dagozala gogoratu dau. Horregaitik, egoera soziolinguistiko onenean dagozan guneetan hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartak behar dirala nabarmendu dau, eta ez orain arte lez, gune horreetan benetako normalizazinorako balio ez daben betiko ekintzak.

Era berean, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak azken urteetako udalerri euskaldunetako datu batzuk ekarri ditu gogora. Berbarako, 1981eko datuakaz konparauta, UEMAko 71 udalerrietatik 39 udalerritan, euskeraz dakitenen portzentajeak behera egin dau, hogeita hamar urteotan atzeraka egin dabenen artean, batez be herri txiki eta euskaldunenak dagoz. Eta horrek zeozerk huts egin dauela esan nahi dau, gaineratu dau.

UEMAren esanetan, gune euskaldunak bizirik mantentzearen garrantzia autortzen badogu, datu horreek kezkagarriak dirala ondorioztatzea ezinbestekoa da, eta ondotik, egin dan hizkuntza politikan hutsuneak egon dirala autortu eta bide barri bati ekiteko garaia da.

Gauzak holan dirala, UEMAk Euskara 21 gogoeta prozesuko ondorioak praktikara eroateko baliabideak jar daizan eskatu deutso Eusko Jaurlaritzeari. Udalerri euskaldunek osotzen daben lurgunea euskerearen arnasgunerik zabalena izanik, normalizazino prozesuaren erdian kokatu behar dalako. Horixe da eskatzen doguna: udalerri euskaldunek hizkuntzearen biziraupenean daben garrantzia autortzetik abiatuta, udalerri horreek zaindu eta erabateko normalizazinoa lortzeko behar dituen hizkuntza politika aurrerakoiak alkarlanean bultzatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu