Euskerea eta helduen euskalduntzea Jaurlaritzearen lehentasuna dirala esan dau Urkulluk

Bizkaie! 2013-09-06 10:57   Euskerea berbagai

Urkulluren ustez, euskereak aurrera egin dauen saltoa, begiradea hezkuntza sisteman eta helduen euskalduntzean jarteari esker izan da, eta euskalduntzearen arloan lanean dabilzanen ahalegina goraipatu dau.

Lazkaoko Maizpide euskaltegiak 26. ikasturtea hasi dau honezkero. Edegiera ekitaldian izan zan atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu. Ordubeteko bisitan, barnetegia barrutik ezaguzeko aukerea izan eban, Jon Urdangarin zuzendariaren gidaritzapean. Euskaltegiaren historia, azpiegiturak eta zerbitzuak erakutsi eutsozan. Ekitaldian izan ziran Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendaria. Sare publikoko nahiz pribatuko beste euskaltegi batzuetako ordezkariak be Maizpiden izan dira, Aurten Bai, udal euskaltegietakoak, AEK, Hika, Elkarlan eta Batuz-ekoak.

Iñigo Urkulluk ziurtatu eban euskerea eta helduen euskalduntzea bere gobernuaren lehentasunen artean dagozala, euskaltegien finantzaketea lehenetsiz. Holan, Jaurlaritzeak aurten 31 miloe euroko diru laguntza deialdia egin dauela gogoratu eban. Jaurlaritzako lehendakariak bere hitzaldian adierazo eban elebitasunagaz euskal gizarteak irabazten dauela. Bere esanetan, elebitasunak persona bera aberasten dau, hari mundu zabal eta barriak eskainiz. Urkulluren ustez, euskereak aurrera egin dauen saltoa, begiradea hezkuntza sisteman eta helduen euskalduntzean jarteari esker izan da, eta euskalduntzearen arloan lanean dabilzanen ahalegina goraipatu dau.

Lehendakariak esan ebanez, euskerea bizibarritzea ardatza da, eta Jaurlaritzeak euskereagaz eta bizikidetzeagaz hartu dau konpromisoa: Alkarbizitzan eregi nahi dogu etorkizuna, azpimarrratu eban.

Herritarrei eta elebakarrei batez be euskerea ikasteko pausua egiteko konbita luzatu eutsen Urkulluk, persona legez aberastuko diralako eta ekarpen handia egingo deutsielako gizarteari. Amaitzeko, aitamen berezia izan eban joan dan domekan hildako Jean Hartischelhar euskaltzainburu ohiarentzat, eta euskerearen alde egin eban lana gogorarazo eta goraipatu egin eban.

Jon Urdangarin zuzendariak gogoratu eban Maizpide herriaren gogotik eta borondatetik sortu zala. 1960ko hamarkadan abiarazo zan euskalduntze-alfabetatzea Lazkaon. 1975ean antolatu eben udako lehenengo euskera ikastaroa, eta 1982an neguko lehenengo barnetegia. Herri oso baten ahalegina behar izaten zan 300-400 lagunei eskolak emon, jaten emon eta lotarako lekua topetako esan eban Urdangarinek. Maizpide dagoan eraikina 1988ko apirilean zabaldu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu