Ruaille-Buaille taldea Ortigueirako Jaialdiaren finalean
2013-07-09 12:28 MusikeaRuaille-Buaille (Rula-Bula) taldea datorren eguenean, garagarrilak 11, abiatuko da Ortigueirako Folk Jaialdirantz, Runas 2013 egitasmoaren finalean parte hartzeko. Egitasmo horren helburua da nazinoarteko folk eta zelta estiloko talde barriak sustatzea, Ortigueirako Mundu Zeltaren Nazinoarteko Jaialdiaren egitarauaren barruan.
Ruaille-Buaille (Rula-Bula) taldea datorren eguenean, garagarrilak 11, abiatuko da Ortigueirako Folk Jaialdirantz, Runas 2013 egitasmoaren finalean parte hartzeko. Egitasmo horren helburua da nazinoarteko folk eta zelta estiloko talde barriak sustatzea, Ortigueirako Mundu Zeltaren Nazinoarteko Jaialdiaren egitarauaren barruan.
Hamar talde hautatu zituen lehiaketako finalerdietarako eta, Interneteko botazinoaren emoitzea zein adituen epaimahaiak emondako puntuazinoa batuta, lehen finalista gertatu zan Barakaldoko taldea, jarraian Balearetako Boc taldea ebala eta, hirugarren postuan bardinduta, Gaztela-Leongo Folk On Crest eta Galiziako Guezos taldeak.
Runas lehiaketako finala eguenean bertan izango da, gaueko hamaiketan hasita, eta talde bakotxak 45 minutu izango ditu bere lana erakusteko, bai epaimahaiaren aurrean zein ohi danez, bertaratuko diran milaka folk-zaleen aurrean. Aurtengo finala irabazten dauen taldeak ziurtatuta izango dau datorren urteko jaialdian parte hartzeko kontratazinoa.
Ruaille-Buaille gogo betean dabil, goiari eutsi guran, aurreko finaletan izan diran Euskal Herriko beste taldeen bideari jarraituz: Xabi Aburruzaga (2010), Korrontzi (2006), Kukuma (2005) eta Brigantia (2003). Taldeko kideak dira Duncan Bennet (ahotsa, gitarra eta bouzoukia), Alberte Sanmartín, (gaitas y whistles), Aitor Gorostiza (whistle, harmonika, alboka eta tarota), Kike Pérez (biolina), Beltza Aveleira (baxu elektrikoa) eta Jon Hanni Iribar (bateria).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!