XXI. Euskal Encounter topaketeak inoiz baino prestakuntza programa zabalagoa eskainiko dau
2013-07-08 17:48Knowledge sharing, aurten aukeratutako leloaren harira, prestakuntza eskaintzea zabalduko dau Euskal Encounterrek dobako 50 berbaldi eta tailer baino gehiagogaz. Enpresa Digitala ekimenagaz sinatutako alkarlan hitzarmenari esker, gai anitzei buruzko eta gehienbat enpresei zuzendutako ikastaroakaz osotuko da heziketa eskaintzea.

Garagarrilaren 25etik 28ra, Barakaldoko BECen egingo da nazinoartean erreferentziazkoa dan partya. Danetara, 4.000 ordenagailu eta 6.000 partaide baino gehiago batuko ditu 35.000 metro koadroko eremu batean. Knowledge sharing (Ezagutza partekatuz), aurten aukeratutako leloaren harira, prestakuntza eskaintzea zabalduko dau Euskal Encounterrek dobako 50 berbaldi eta tailer baino gehiagogaz. Enpresa Digitala ekimenagaz sinatutako alkarlan hitzarmenari esker, gai anitzei buruzko eta gehienbat enpresei zuzendutako ikastaroakaz osotuko da heziketa eskaintzea: sare sozialak, merkataritza kudeaketea, bideo-jokoen garapena edo online ospea, besteak beste; garagarrilaren 24an izango dira ikastaroak.
Honezkero, hiru egun eskasetan 4.096 ordenagailu-postu erreserbau ditue eta itxaron zerrenda luzea osotu da. Parte-hartzaileek segundoko 20 Gb-eko konekzino abiaduraz gozau ahal izango dabe; era honetako egitasmoetan normalean eskaintzen daben abiadurea baino askoz handiagoa da hori, eta etxeetan izaten dana baino milaka aldiz azkarragoa.
Bideo-jokoek be leku berezia izango dabe partyan; online jokalari-komunidade azpimarragarrienetako batzuek parte hartuko dabe euskal topaketan, eta euren jokoak ekarteaz eta lehiaketak antolatzeaz arduratuko dira. Horrezaz gan, aurten 11. urtez egingo da munduko bideo-jokalari profesionalen talde onenetakoak batzen dituan Gamegune lehiaketea. 2012an, planeta osoko 200.000 persona baino gehiagok jarraitu eben txapelketea Internet bidez.
Era berean, hardware eta software libreko lehiaketak egingo dira, urtez urte arrakasta gehiago daukienak. Igaz, berbarako, Taiwandik etorritako HiCookie-k lau munduko errekor lortu zituan, bere ordenagailuaren potentzia nabarmen areagotu ebalako matematika-kalkuluak azkarrago egiteko. Arte digitaleko froga ugari be egingo dira, baita aisialdiko jarduerak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!