Sopuertako Mendebala folk jaialdiaren azkenengo edizinoa

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-06-19 15:51   Musikea

Mendebala jaialdiak agur dino, aurtengoa izango dau azkenengo edizinoa. Egun bakarreko jaialdia atondu dabe aurten, garagarrilaren 6an, Sopuertako Santa Ana zelaian. Halan da be, aurten be Kantauri aldeko eta inguruko folk eskaintza onena batuko dabe, Celtas Cortos, Xabi Aburruzaga eta Aira Pedra taldeak, tartean.

Mendebala jaialdiak agur dino, aurtengoa izango dau azkenengo edizinoa. Egun bakarreko jaialdia atondu dabe aurten, garagarrilaren 6an, Sopuertako Santa Ana zelaian. Halan da be, aurten be Kantauri aldeko eta inguruko folk eskaintza onena batuko dabe, Celtas Cortos, Xabi Aburruzaga eta Aira Pedra taldeak, tartean.

Santi Rodriguez jaialdiko koordinatzailea, Xabi Aburruzaga trikitilaria Emon taldeko Eneko Longarte eta Oihana Martinez Sopuertako Kultura zinegotziaz aparte, Mendebala alkarteko hainbat kide izan dira.

Igaz hartu eben erabagia, 2013ko Mendebala izango zan azkenengoa. Jenteari errespetua zor deutsagu, horregaitik agur-jaialdia antolatzea pentsau genduan, adierazo dau Rodriguezek. Azkenengo ahalegina izan da, duintasunez amaitzeko.

Hamabi urtean jaialdia antolatu dauen taldea kantsauta dago, sano kantsauta. Gaur egungo egoera ekonomiko latzean, diru-laguntzinoak lortzea gatxa da, ganera hainbat babeslek bertan behera itxi dabe laguntasuna. Aurtengo gastuei aurre egiteko beste diru lortzea espero dogu, ganeratu dau koordinatzaileak. 110.000 euroko aurrekontua euki izan dabe urteren baten, baina aurten, 62.000 euro besterik ez ditue.

Mendebalako saio guzti-guztiak debalde izan dira hasieratik, eta holan izatea gura izan dabe. Sarrera ordaintzea zan aukeretako bat, baina guk ez dogu hori nahi. Kulturea doban izan behar dala pentsetan dogu, ez merkantzia. Ziklo baten amaierea da, baina beharbada urte batzuk barru beste persona talde batek ekingo deutso proiektuari. Bizi dogun ekaitz ekonomikoa pasetan danean, baten batek akaso buelta bat emongo deutso, eta..., esan dau.

Sarritan pasetan dan lez, etxean baino kanpoan ezagunagoa izan da Mendebala, susmo hori daukie antolatzaileek. Euskal Herritik kanpo gehiago balorau gaitue, erreferentea izan gara estadu espainiarrean. Maketa lehiaketa antolatu izan dabe urte birik behin, talde irabazleak diskoa grabetako aukerea eukan. Lanak ez dira asko zabaldu, baina hor dagoz, ekarpen handia izan dira. Arazoak arazo 12. Mendebalak kartel duina dauala azpimarratu dau.

Xabi Aburruzaga trikitilari portugaletetarrak abiatuko dau hamabigarren Mendebala, 21:00etan. Jaialdiko lehenengo edizinoan parte hartu eban, baldintza duinetan jo neban lehenengo aldia, oker ez banago, gogoratu dau musikariak. Ostean, Aira da Pedrak joko dau, eta gauerdian, Celtas Cortos taldeak. Beti behar izan dogu kartelburu bat -azaldu dau Rodriguezek- jentea Sopuertaraino erakarteko. Beste bitan izan da Gaztelako bandea Mendebalan.

Prau talde gazteak segiduko dau gaua, 1:30ean. Rocka eta gaitak, horreek dira Aragoikoen musikearen osogai nagusiak. Aragoiko musika-tresna tradizionalak rocka eta skagaz nahastetan ditue. Aragoieraz kantetan dabe. Emon talde bergararrak zarratuko dau Mendebala, 3:00etatik aurrera. Zezeilean aurkeztutako Konfeti kolore diskoko abesti alai eta jantzagarriz beteko dabe Santa Anako landea. Ohorea da guretzat Mendebalan jotea, eta geuk ixtea jaialdia, esan dau Longartek.

Aburruzagak eta Longartek pena handiz jaso dabe Mendebalaren amaierearen barri, baina itxaropena dabe, egunen baten jaialdiak bueltauko dala. Urte batzuk itxaron behar badoguz, itxarongo dogu, esan dau Aburruzagak.

Kantauriko folkaren erreferente izan dan jaialdiak talde ezagun ugari ekarri ditu urteotan Sopuertara, tartean, Hevia, Carlos Nuñez, Celtas Cortos, Luar na Lubre, Gose, Bizardunak eta Esne Beltza.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu