'Deserriko kantak' bakarkako lehenengo diskoa aurkeztu dau Eñaut Elorrietak

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-05-16 15:30   Musikea

Deserria dau kantagai Eñaut Elorrietak bere bakarkako lehenengo diskoan, deserri politikoa, soziala, existentziala, ertz askotakoa. Hamar kanta konposau ditu, bi bere berbakaz, eta ganerakoak egile ezagunenak. Lizarran aurkeztuko dau Deserriko kantak (Elkar) jentaurrean, maiatzaren 18an, Golem aretoan.

Deserria dau kantagai Eñaut Elorrietak bere bakarkako lehenengo diskoan, deserri politikoa, soziala, existentziala, ertz askotakoa. Hamar kanta konposau ditu, bi bere berbakaz, eta ganerakoak egile ezagunenak, tartean, Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Joan Oliver eta Harkaitz Cano. Lizarran aurkeztuko dau Deserriko kantak (Elkar) jentaurrean, maiatzaren 18an, Golem aretoan.

Diskoaren atzean jente askoren lana dagola autortuz hasi dau aurkezpena Eñaut Elorrietak, aurrelan handia egin dogu. Testuak aukeratzen laguntzaile izan ditu Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Unai Elorriaga, Eider Rodriguez eta Bernardo Atxaga. Oso hur sentidu dodaz, mimo handiz egin dogu lan, ganeratu dau.

Hamar kantatik, bi idatzi ditu Ken Zazpi taldeko abeslariak, Gaua eta Itzulera I. Ganerakoak beste egile batzuenak dira, hiru Joseba Sarrionandiarenak, Geografia singlea, Besamotzaren besoa eta Propostas para a definiçao do exilio. Aurreko lanetan be erabili izan ditu idazle iurretarraren testuak, diskoaren gaia deserria izanda egon egon behar eban, bere esanetan. Canok disko honetarako berenberegi idatzi dau Azken balsa kantea.

Disko kontzeptuala, orain arteko literarioena dau, kanta gordin eta intimoak osogai. Gure gorputzetatik kanpo bizi gara, kanpoko inpulsoei gehiegi begira. Deskonektauta bizi garan sentsazinoa daukat, baina deserri existentzialaz gan, bestelakoak be, politikoa eta soziala be kontuan izan ditu.

Kanten moldaketetan Ruben Caballero eta Txus Aranburu izan ditu bidelagun, Elorrietak sortutako melodiak jantzi egin ditue, gaur egungo joera eta ikutua emon. Dana dala, abestien arimea jagoten ahalegindu dala nabarmendu dau. Zuzenekoetan Deserriko bandea eukiko dau lagun: Ruben Caballero (gitarra akustikoa eta elektrikoa, mandolinea), Txus Aranburu (pianoa, tekladuak, akordeoia) eta Igor Telletxea (bateria). Kolaborazino ugari izan ditu grabazinoan, berbarako, Hasier Oleaga, Arkaitz Miner eta Xabier Zeberio.

Prozesu luzea izan da Deserriko kantak eregitea, erabagiak taldearen babes barik hartzea nekeza izan da sarritan, baina emoitzeagaz sano gustura geratu da Elorrieta. Pausu garrantzitsua da niretzat, horregaitik ondo egin nahi neban.

Maiatza eta bagilean zuzeneko ugari ditu berbatuta kantari gernikarrak: maiatzak 18an, Lizarrako Golem aretoan; hilaren 25ean, Azpeitiako San Agustin kulturgunean; bagilak 1ean, Bermeoko Kafe Antzokian; 7an, Andoaingo Basteron; 8an, Bilboko BBK Salan; eta 13an, Hendaiako Antzokian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu