Santa Lutziko kurutzea ikusgai Zeanurin

Jon Urutxurtu 2013-05-07 12:55

Zeanurin dago Bizkaiko kurutzerik handiena eta toki altuenean dagoana, Gorbeia mendiaren tontorrean, hain zuzen; Zeanurin dago Gorbeiako Kurutzearen mendeurrena ospatzeko Nestor Basterretxea eskultoreak 2001. urtean diseinau ebana be, eta Zeanurikoa da Bizkaiko zaharrenetakoa, 1250. urtekoa: Santa Lutzi baseleizan topau zana, 750 urte inguru lurperatuta egon ondoren.

Kurutze eder asko dago Zeanurin. Bertan dago Bizkaiko kurutzerik handiena eta toki altuenean dagoana, Gorbeia mendiaren tontorrean, hain zuzen; Zeanurin dago Gorbeiako Kurutzearen mendeurrena ospatzeko Nestor Basterretxea eskultoreak 2001. urtean diseinau ebana be, eta Zeanurikoa da Bizkaiko zaharrenetakoa, 1250. urtekoa: Santa Lutzi ermitan topau zana, 750 urte inguru lurperatuta egon ondoren.

Kurutze hau herrian ezagutzera emoteko, Bilboko Eleiz Museotik Zeanurira ekarriko dabe. Horretarako, maiatzaren bigarren asterako egitarau apala eratu dau parrokiak berbaldi, ibilaldi eta ospakizunez betea.


Santa Lutziko kurutzearen ezaugarriak

Kurutzea Zeanuriko Altzuste auzunean kokatuta dagoan Santa Lutzi baseleizan topau zan 1990ean egin ziran zaharbarritze lanetan, eta adituek dinoenez, 1250 urtearen inguruan kokatu beharko litzateke.

Neurriari jagokonez, 17 zentimetroko prozesino-kurutzea da, eta beso bikotxa dauena. Materialari jagokonez, kobrezkoa da, eta ez da egurrezko muin baten inguruan–beranduago prozesino-kurutzeak egingo ziran legez– landua. Kobrea metal aberatsa ez danez, urreztatu egin eben, esmaltea be aplikau jakon eta gubilaz landuta dago. Kurutzearen besoek erretikulaz apainduta dagozan zabalguneak be badaukiez.

Nahiz eta kurutzea eta Kristoa aldi berekoak izan, Kristoa aparteko pieza moduan landu zan eta kurutzeari gehitu egin jakon. Kurutzea bera gotiko estilokoa bada be, Kristoak erromanikoaren eta gotikoaren ezaugarriak daukaz: Erromanikokoak dira errege-koroa, besoen horizontaltasuna, minik adierazoten ez dauen arpegierea, eta lau untzeak, bana esku bakotxean eta oin bakotxean. Gotikokoak, barriz, belaunetara heltzen jakon gona laburra eta alde batera makurtuta daukan burua.

Kurutzean idazkunak be agiri dira: aurrealdean, XRS –Kristo grekoz– eta IHS – Jesus latinez– letrak; atzealdean A letrea eta beste idazkun bat alderantziz idatzitako omega letrea izan daitekeena, azken bi idazkun horreek gauza guztien sorrerea eta amaierea adierazoko leukiez.

Zeanurin guztiz ezaguna ez dala-eta, maiatzaren bigarren asterako egitarau berezia antolatu dau herriko parrokiak. Holan, maiatzaren 8an, eguaztenean, Ander Manterola antropologoak berbaldia emongo dau udaletxeko pleno-aretoan: Kurutzea eta kurutzeak. Zeanuriko kurutzeak: Fedea, artea eta historia.

Domekarako, maiatzaren 12rako ibilaldia antolatu dabe Santa Lutzi ermitatik Andra Mari parrokiara, hemen kurutzeari harrerea egingo jako, eta jarraian domekero lez, meza nagusia izango da. Eta meza amaieran, Kurutzea ikusteko aukerea izango da, barriro Bilboko Eleiz Museora eroan aurretik.


Santa Lutziko (Altzuste) Kurutzea (1250. urtekoa) ikusgai Zeanurin. Egitaraua

- Maiatzaren 8an, eguaztenean, 20:00etan, Udaletxeko pleno-aretoan: Ander Manterolaren berbaldia: Kurutzea eta kurutzeak. Zeanuriko kurutzeak: Fedea, artea eta historia.

- Maiatzaren 12an, domekan:

09:00etan: plazatik ibilaldia Santa Lutzira (Altzuste).
10:00etan: Santa Lutzin: 1250. urteko kurutzeari harrerea eta ondoren, ibilaldia bide zaharretik parrokiara.
11:30ean: Piedadean, martxeagaz bat egin eta Meza Santua Andra Mari parrokian.

Informazino zabalagoa ondoko helbideetan: www.zeanuri.tk edo www.arratia.tk

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu