Alt Sessions kontzertuen zikloaren jaialdia egingo da maiatzaren 10ean Bermeoko Kafe Antzokian

Bizkaie! 2013-04-25 11:54   Musikea

Euskal Herriko eta atzerriko bost talde izango dira protagonista: The Screamin' Targets donostiarrak, Joseba Irazoki berarra, Australia eta Zeelanda Barriko Pete Ross & Sapphire, King Automatic frantsesa, eta The Experimental Tropic Blues Band belgikarrak. Eneritz Artetxe aktore gernikarrak egingo ditu jaialdiaren gidari lanak.

Bermeoko Beleza Malandra ateneo kulturalean, Gasteizko Ibu Hots tabernan eta Donostiako Le Bukowski klubean egiten dan Alt Sessions kontzertuen zikloak 2011-2012 ekitaldiaren amaierea ospatuko dau maiatzaren 10ean, Bermeoko Kafe Antzokian.

Euskal Herriko eta atzerriko bost talde izango dira protagonista: The Screamin' Targets donostiarrak, Joseba Irazoki berarra, Australia eta Zeelanda Barriko Pete Ross & Sapphire, King Automatic frantsesa, eta The Experimental Tropic Blues Band belgikarrak. Eneritz Artetxe aktore gernikarrak egingo ditu jaialdiaren gidari lanak.

The Screamin' Targets 2010eko erdialdean sortu eben Arturo Ibañez gitarristak, Arturo Zumalabe bateria-jotzaileak, Beñat Bergara baxu-jotzaileak eta Gigi Peligro abeslari eta gitarristeak. Rock and roll banda klasikoa da, Flamin' Groovies, Plimsouls, Nerves, Blue Angel edota Rockpile lakoen eraginakaz. Kontzeptu melodiko eta erritmikoak rockabillyagaz nahasten ditue, pop melodiak eta sustrai amerikarreko doinuak bat eginez.

Bestalde, Berako musikari aldakorra, polifazetikoa eta geldirik egoten ez dakian gitarristea da Joseba Irazoki, eta konposizinoa ez eze inprobisazinoa be interesetan jako. Gizon orkestra legez, abesteaz gan, gitarrea, harmonikea eta bonboa joten ditu, eta programazinoez, loop-ez, oihuez eta soinu-efektuez be arduratzen da. Erritmo frenetikodun kaosa eta doinuak sortzen ditu, folk, blues, psikodelia eta esperimentazino zehaztasunakaz. Irazokik rockaren tradizinoa eta abangoardia buztartzea lortu dau.


Pete Ross & Susy Sapphire

Pete Ross gitarrista australiarra eta Susy Sapphire baxu-jotzaile zeelanda barritarra 2012an hasi ziran alkarregaz joten. Kanta misteriotsuak egiten ditue, psikodelia ikutu bategaz eta abestiek edertasun hipnotikoko giroak sortzen ditue. Country rock gotiko erromantikoa egiten dabe, Nick Cave, Tom Waits, Jim Morrison edo Townes van Zandt agiri diran road movie batentzako egina dirudiena.

King Automatic-i jagokonez, 1990eko hamarkadako Estrus garaje rock musikako diskoetxe mitikoko Wangs eta Thundercrack bandetan ibilitako Jeremy Malisz bateria-jotzaileak orkestra gizon lez jarraitzea erabagi eban 2003an, Nancyn (Frantzia), King Automatic ezizena hartuz. Proiektu horretan bateria, Farfisa teklatua, gitarra, ahotsa eta perkusinoak aldi berean joten ditu, noise, rocksteady, r&b eta rock and roll primitiboa buztartzen dituan nahaspila musikala sortuz.

Azkenik, Belgikatik helduko dira Boogie Snake, Dirty Wolf eta Devil d'Inferno: The Experimental Tropic Blues Band. Izenak holan iradokitzen dauen arren, ez dabe esperimentetan, ezta erritmo tropikalak joten, rock and roll, garage, blues, punk rock, psychobilly eta 1950eko hamarkadako usaina dauen beste edozein doinu baino. Jon Spencer izan da euren azken lanaren produktorea. Horri guztiari The Cramps, Reverend Horton Heat edo Eagles of Death Metal gehitzen bajako, doinu fresko baina aspaldikoa, tradizionala baina apurtzailea azaltzen da, basatia, dibertigarria eta jantzagarria.

Kontzertuak gaueko 22:30ean hasiko dira, eta sarrerea 10 euroko prezioan Bermeoko Kafe Antzokia bertan, Luma liburudendan (Bermeo), Ospa tabernan (Gernika) eta www.kulturalive.com webgunean erosi daitekez. Kontzertuaren egunean 12 euro balioko dabe txarteldegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu