Donostiako 48. Heineken Jazzaldiak badauka kartela
2013-04-17 13:56 MusikeaIruñeko Bermer&Co estudioko Ricardo Bermejok sortutako Volare kartelak irabazi dau Donostiako 48. Heineken Jazzaldiko Kartel Lehiaketea. Egileak 1.200 euroko saria jasoko dau.
Iruñeko Bermer&Co estudioko Ricardo Bermejok sortutako Volare kartelak irabazi dau Donostiako 48. Heineken Jazzaldiko Kartel Lehiaketea. Egileak 1.200 euroko saria jasoko dau.
Eskuz egin dau kartela, luma-kartoizko zatitxuak kartoi baltzaren ganean ipini, eta iPhoneagaz argazkia atara eutson, ikuspegi berezi bat emon eta mobimentua iradokiz. Ostean, WhatsApp aplikazinoaren bidez ordenagailura pasau eban, eta amaitzeko Photoshopegaz landu eban irudia.
Lankide izan dituan Miguel P. Otañoren eta Siscu Simonen beharra nabarmendu dau Bermejok. Musikeak ames eginarazoeko, beste nonora, mundu errealetik onirikora, lekualdatzeko daukan ahalmena erakutsi gura izan dau kartelean.
Bermer&Co. enpreseak sorkuntzea dau ardatz, diseinu grafikoko eta kazetaritzako profesionalez osotutako lantaldea dauka. Ricardo Bermejo sormen zuzendariak sortu eban enpresea. Nafarroako Unibersidadeko Komunikazino Fakultadean, Istituto Europeo di Design-en eta Pompeu Fabra Unibersidadea irakasle izan da. Dimad Madrilgo Diseinatzaile Alkarteko zuzendaritza batzordeko kidea da.
Makina bat enpresetako argitalpenak eta komunikazino eta nortasun korporatiboko egitasmoak diseinau ditu. Espainiako Kultura Ministerioaren Liburu Onenaren saria jaso dau lau aldiz eta nazinoarteko 30etik gora sari jaso ditu Society of Newspaper Design (SND) eta Malofiej dalakoen eskutik.
Kartela aukeratu dauen epaimahaian hainbat arlotako profesionalek hartu dabe parte: Alex Ubago abeslariak, Antton Olariaga marrazkilariak, Iker Seisdedos kazetariak, Mar Abad Yorokobu diseinatzaile eta publizisteak, Miguel Martin Heineken Jazzaldiko zuzendariak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazino arduradunak eta Heineken konpainiako Helena Ruiz eta Antonio Rodriguez Suarezek.
Danetara, 871 kartel aurkeztu ziren 48. Heineken Jazzaldiko Kartel Lehiaketara. Publikoak emondako botoei esker (65.000 botu jaso ziren), horreetako hamar finalera pasau ziran. Beste hamar kartelak Heineken enpreseak eta Heineken Jazzaldiak aukeratu zituen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!