EH Sukarrak 'Uhinak' zortzigarren diskoa aurkeztu dau
2013-04-12 15:45 MusikeaErditze naturala izan da Uhinak (Oihuka) diskoa, EH Sukarra taldearen zortzigarrena, Mikel Gorosabel Norton-ek beraren esanetan. Hamar kanta barri, punk-rock melodikoa nagusi, baina pop eta hardcore ikutuekaz. Laster hasiko da hirukotea diskoa jentaurrean defendiduten, apirilaren 27an, Arkotxako Gaztegunean, hain zuzen be.
Erditze naturala izan da Uhinak (Oihuka) diskoa, EH Sukarra taldearen zortzigarrena, Mikel Gorosabel Norton-ek beraren esanetan. Hamar kanta barri, punk-rock melodikoa nagusi, baina pop eta hardcore ikutuekaz. Abestion berba guztiak Asier Serranok idatzi ditu. Laster hasiko da hirukotea diskoa jentaurrean defendiduten, apirilaren 27an, Arkotxako Gaztegunean, hain zuzen be.
Kanta bilduma ederra eukala eta, erditzeko beharra sentidu eban Nortonek. Holan abiatu zan EH Sukarraren zortzigarren diskoa. Asier Serrano idazle eibartarrak izan dau berben ardura osoa. Kanta danek irabazi egin dabe, letrek kantak handitu ditue, Nortonen eretxiz. Orain hogei bat urte hasi ziran alkarregaz lanean, taldearen hirugarren diskoan (Garaien Laberintoan, 1994), aspaldikoa da hartu-emona. Hamar urte eroiezan batera behar egin barik, eta baeuken lan egiteko gure modura itzultzeko beharra eta gogoa.
Bien artean ondutako errezetearen arabera prestau dabe Uhinak, musikearen berezko uginetatik harago. Uginak ekintza bat burutu osteko ondorio ikustezinak dirala esan dau Serranok. Kontzeptu horren inguruan eregi ditu behar barriko hamar piezak. Negar-anpulu batek itsasoan ixten dauen markea, haizeak bandera zuriari eragiten deutsonean sortzen diran uginak... makinatxu bat adibide emon ditu Serranok. Bizitzearen joanak dakarzan tximurrak, horrek be uginak dira, ganeratu dau.
Orain dala hogei urte baino tximur gehiago euki arren, aurrera egiteko gogotsu dago EH Sukarra. Lehenaldia aintzakotzat hartu orain, etorkizunean aurrera egiteko. Haor, Uhinak diskoaren mezua.
Rock´n´rollak hemen segiduten dau, asko daukie esateko hondinokarren. Heldutasuna igarri dabe, argi daukie zer gura daben, eta egiten dabenaz gozetan. Dana dala, rockean jarduteko adin ona daukiela esan dabe, zalantza barik.
Hemen gaude singlea atoan lotzen da EH Sukarraren soinuagaz, gure markea dauka. Erritmo biziak ditue kantek, baina bada balada bat bere, Gure lorategian. Konposatzeko askatasuna izan dauela azaldu dau Nortonek, hirugarren diskotik hona holan egin dot lan, estilo desbardinak tartekatuz.
Higain estudioan grabau zan diskoa, zezeilean. Produkzinoa asko mimau dabela autortu dau abeslariak. Haritz Harreguy izan dabe teknikari. Nortonek berak ahotsa, gitarrea eta tekladuak jo ditu; Mikel Artiedak, bajua; eta, Heloy Galanek, bateria. Zuzenekoetan be hirukote lez igongo dira taula ganera, baina Galanen ordez Loyolak astinduko dau bateria. Hirukote moduan, lehenengo diskoa da hau. Hori dala eta, aurreko beharren aldean, honek soinu garbiagoa daukala nabarmendu dau kantariak.
Kontzertu partidea dauka taldeak: apirilaren 27an Zaratamoko Arkotxa auzoan, maiatzaren 3an, Berriatuan; bagilaren 15ean, Igorren; 16an, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian; eta, 28an, Mungian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!