Araban 18 bertsolarik jokatuko ditue 3 finalaurrekoak

Bizkaie! 2013-02-04 09:58   Bertsolaritzea

Astegoieneko saioak irabazita, Oihane Perea, Serapio Lopez eta Manex Agirre. Beraz, hirurak zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetarako eta besteak sailkapen orokorraren zain geratu dira.

Joandako astegoienean honetan jokatu dira Arabako Bertsolari Txapelketako azken hiru kanporaketak, eta beraz amaitu da lehenengo fasea.

Hirugarren kanporaketea Ataurin egin zan barikuan. Bertan Aintzane Irazusta aurkezlearen aginduetara kantau eben bertsolariek. Oihane Pereak eskuratu eban finalaurrekoetarako txartela. Iker Olabarrietak, txapelketan debutanteak lan txukuna egin eban. Jon Ruiz de Pinedo Zalduondotarrak Lautadako jarraitzaileen txalo beroak jaso zituan. Hona hemen puntuazinoa: Oihane Perea (152 p.), Felipe Zelaieta (145 p.), Ruben Sanchez (142,5 p.), Andere Arriolabengoa (142,5 p.), Iker Olabarrieta (128 p.), Jon Ruiz de Pinedo (117 p.).

Zapatuan, Laudion jokatu zan astegoien honetako bigarren saioa eta Serapio Lopez Baranbioko beteranoak irabazi eban. Entzuleentzat saio atsegina subertau zan eta azkenean holan gelditu zan sailkapena: Serapio Lopez (147,5 p.), Izar Mendiguren (147 p.), Ander Solozabal (141 p.), Jagoba Apaolaza (135,5 p.), Iker Pastor (130,5 p.), Beñat Oribe (106,5 p.).

Bosgarren eta azken kanporaketea San Blas egunean, domekan, jokatu zan Arabako Errioxako Lantziegon. Bertan Oiongo Alazne Garcia ibili zan aurkezle lanetan eta lehenengo fase honetan epaile lanetan ibilitako Patxi Aizpurua, Karla Santisteban eta Mikel Fernandez de Arroiabe hiru epaileen puntuazinoa ondorengoa izan zan: Manex Agirre (152,5 p.), Zigor Enbeita (151,5 p.), Juan Mari Juaristi (135,5 p.), Ainhoa Comas (129 p.), Iñaki Tena (127,5 p.), Xabi Rico (125,5 p.)

Beste bi kanporaketetan legez, azken hiru honeetan be, klabe batzuk errepetidu dira: bertako jentearen parte hartzea, afari eta giro ederrak, bertsolari hasi barrien zeregin txukuna, eta orokorrean bertsozalea eta ez hain bertsozalea oso gustura gelditu dala.

Baina orain, inauterietako astegoieneko atsedena eta gero, txapelketeak bere bidea jarraituko dau eta bigarren faseari ekingo deutso finalaurrekoakaz. Hiru finalerdi jokatuko diranez gatxa egongo da finalera sartzea eta horrek interesgarriagoak egingo ditu bigarren fase honetako saioak.

Gauzak holan dirala, 18 sailkatuak holan banatuko dira:

- Zezeilaren 16an, Izarra: Asier Otamendi, Serapio Lopez, Rikardo Gonzalez de Durana, Xabi Igoa, Orlando Arreitunandia eta Irati Anda.
- Zezeilaren 23an, Aramaio: Paula Amilburu, Manex Agirre, Zigor Enbeita, Unai Mendibil, Andere Arriolabengoa eta Ander Solozabal.
- Martiaren 2an, Dulantzi: Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Felipe Zelaieta, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza.

Txapelketeak Arabako bazterrak bertsoz beteten jarraituko dau martiaren 16eko final arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu