Xabier Silveira eta Miel Mari Elosegi irabazle, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo saio bietan

Bizkaie! 2013-02-04 09:56   Bertsolaritzea

Xabier Silveira eta Miel Mari Elosegi Luze izan dira nagusi astegoienean Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo bi azken-laurdenetan.

Xabier Silveira eta Miel Mari Elosegi Luze izan dira nagusi astegoienean Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo bi azken-laurdenetan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketearen 41. edizinoa bizi-bizi hasi zan zapatuan Lizarran. Xabier Silveira, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Xabier Maia eta Erika Lagoma bertsolariak ibili ziran kantuan herriko Gazteriaren Etxean. Xabier Silveira lesakarrak lortu zituan puntu gehien, eta holan zuzenean Etxarriko finalaurrekorako sailkatu da.

Aretoa jentez ganezka egon zan, antolatzaileek azaldu dabenez: Bi urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketa barik izan ondoren, bertsozaleak bertso gosez egozan eta lepo bete dabe Lizarrako Gazteriaren Etxeko aretoa. 140 entzule zira, euretako asko mozorrotuta, herrian inauteria ospatzen zan eta.

Silveiraren atzetik, Erika Lagoma izan zan bigarren. Lau urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu barik egon ostean, Lizarrakoa Lagomaren itzulerea zan. Hasibarri bi ziran saioan, Eneko Fernandez lesakarra eta Xabier Maia elizondoarra, eta eurentzat izan ziran, hurranez hurran, hirugarren eta laugarren postua. Halanda be, hur izan ditue hurrengo sailkatuak, Saioa Alkaiza eta Josu Sanjurjo.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa Aldatzen izan zan, domekan. Miel Mari Elosegi Luze leitzarrak saioa irabazi eban, beraz Elizondoko finalaurrekoan izango da. Aretoa domekan be bertsozalez bete zan, 100 bat danetara. Hasierako agurra Larraungo Bertso Eskolako kideen eskutik etorri zan, Santa Ageda bezperea egun batez aurreratu eben.

Lehia estua izan zan Elosegi eta Jon Barberenaren artean. Azkenean, kartzelako ariketa erabagigarria izan zan eta leitzarrak lortu eban lehen postua. Bigarren, Jon Barberena eta hirugarren, Iñigo Olaetxea beteranoa izan ziran.

Bertsolari gazteenen saioa gorabeheratsuagoa izan zan, antolatzaileen arabera. Iker Gorosterrazurentzat izan zan laugarren postua, eta Patxi Castillorentzat, bosgarrena. Oskar Sanz de Acedok seigarren egin dau Txapelketako bere lehen saioan.

Hurrengo azken-laurdenak astegoienean jokatuko ditue. Zapatuan, hilak 9, Larraintzarko benta gizarte etxean, Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Oier Lakuntza, Ekaitz Astiz, Haizea Beruete eta Amaia Elizagoien bertsolariek abestuko dabe, 17:30etik aurrera. Eta, domekan, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Iñaki Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta izango dira bertsotan Iturrengo Udaletxeko kamaran, honek be 17:30ean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu