Asier Otamendi eta Paula Amilburu irabazle Araban

Bizkaie! 2013-01-28 10:12   Bertsolaritzea

Asier Otamendi eta Aramaioko Paula Amilburu gazteak irabazi dabe finalaurreetarako txartel zuzena, eta besteak datorren astegoieneko azken hiru kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazinoaren arabera pasetan diran 18 bertsolarien zerrendea osotzeko.

Asteburu honetan Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo eta bigarren kanporaketak jokatu dira Lantenon eta Elosun. 30 bertsolari 5 kanporaketetan banatuta dira. Asier Otamendi eta Aramaioko Paula Amilburu gazteak irabazi dabe finalaurreetarako txartel zuzena, eta besteak datorren astegoieneko azken hiru kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazinoaren arabera pasetan diran 18 bertsolarien zerrendea osotzeko.

Txapelketako bertso astegoiena Lantenon hasi zan barikuan, Arte-eskolan. Bertan 50 entzule alkartu ziran. Afaldu ostean hasi ziran bertsolariak kantuan. Nieves del Alamo gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, Maria Izagak lan txukuna egin eban, 19 urtegaz bere lehengo aldia zan Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ebala. Besteek, euren artean askotan txapelduna izandakoa Asier Otamendik, euren zeregina ondo bete eben, eta azkenean holan gelditu zan sailkapena: Asier Otamendi (157,5 puntu), Xabi Igoa (147 p.), Unai Mendibil (145,5 p.), Orlando Arreitunandia (143,5 p.), Irati Anda (142,5 p.), Maria Izaga (128 p.).

Bigarren kanporaketea, domekan Elosun jokatu zan. Nagore Irazabalen aginduetara kantau eben sei bertsolariak entzuleen gozamenerako. Paula Amilburuk, hemeretzi urteko debutanteak merezimendu osoz saioa irabazi eban eta finalaurrekoetarako txartela lortu eban. Urtetan finala jokatu dauen Iñaki Viñaspre bigarren sailkatu zan. Epaileek emondako puntuazinoa hauxe izan zan: Paula Amilburu (158, 5 puntu), Iñaki Viñaspre (156 p.), Rikardo Gonzalez de Durana (154,5 p.), Xabier Lopez de Santiago (134,5 p.), Beito Martinez (131 p.), Maialen Saez de Okariz (121,5 p.)

Datorren astegoienean Agurainen, Laudion eta Lantziegon jokatuko dira azkeneko kanporaketak. Saio horreetako irabazleakaz batera eta puntuazinoz sailkatuko diranakaz osotuko dira zezeilaren 16an eta 23an eta martiaren 2an jokatuko diran finalaurrekoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu