Dana prest BizBAK Indie Festival jaialdiaren bigarren edizinorako
2013-01-22 10:09 MusikeaAurtengo kartelean estilo ausarta eta egungoa daben taldeak dagoz, besteak beste, Tachenkoren pop argitsua, Ariesen psikodelia, Mursegoren esperimentazinoa, Pony Bravoren rock eklektikoa eta Los Separatistas taldearen inprobisazinoa. Kontzertuak zezeilaren 22an eta martiaren 1ean eta 8an egingo dira Bizkaia Aretoan.
Igaz egindako lehenengo edizinoak izandako arrakastearen ondoren, datorren zezeilaren 22an, barikuan, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Kultura-kudeaketa bulegoak antolatzen dauen BizBAK Indie Festival jaialdiaren bigarren edizinoari hasierea emongo jako. Lehenengo edizinoko edukiari jarraituz, urte honetako edizinoko kartelean estilo ausarta eta egungoa daben taldeak dagoz, Tachenkoren pop argitsua, Ariesen psikodelia, Mursegoren esperimentazinoa, Pony Bravoren rock eklektikoa eta Los Separatistas taldearen inprobisazinoa, adibide batzuk jarteagaitik. Kontzertuak zezeilaren 22an eta martiaren 1ean eta 8an egingo dira Bizkaia Aretoan eta sarrerea librea izango da lekuak bete arte. Emonaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.
Egitaraua:
- Zezeilak 22, barikua. Jaialdiari hasierea emoteko, Wilhem and the dancing animals daukagu, Iruñeko taldea, urteko ezustekoa The War of Species bere diskoagaz. Ondoren, McEnroe talde getxotarrak kontzertu berezia eskainiko dau akustiko formatuan, Las Orillas euren azken diskoak dauen intimidade guztia transmitiduten saiatzeko. Eta amaierarako, Tachenko izango dogu, melodia perfektua bilatzen dauen bere pop doinuakaz. Zezeilean kaleratuko daben El Amor y las Mayorías diskoko abestiak aurkeztuko ditue.
- Martiak 1, barikua. Jardunaldia Saioa taldeagaz hasiko da. Bost urte eta gero, eszenatokira bueltau dira oso-osorik euskeraz eta Joseba Irazokiren produkzinoagaz grabautako Natura (Moonpalace Records) disko barriagaz. Ondoren, proiektu oso berezi bat izango dogu, Los Separatistas, aparteko taldekideakaz: Dan Wilson (The Cubical), Rober!, Cabezafuego & Joseba Irazoki (Atom Rhumba), Felix Buff (Willis Drummond) eta Mikel Abrego (Anari). Danak batera, joan zan maiatzean Karlos Txap Osinagaren estudioetan egindako inprobisazino jardunaldia zuzenera eroaten saiatuko dira. Eta amaitzeko, azken urteetan arrisku gehien hartu dauen taldeetako bat dan Pony Bravoren txandea izango da. Laster kaleratuko daben disko barriko abestiak aurkeztuko ditue.
- Martiak 8, barikua. Emakumearen Egunaren ospakizun legez, hiru bakarlari izango doguz jaialdiaren azken jardunaldi honetan. Lehenengoa, Aries izango da, hau da, Isabel Fdez. Reviriego getxotarra Electrobikinis ohia eta Charades ohia. La Magia Bruta, bakarkako bere lehen lana eta BCoreR-gaz grabau dauen lehenengo diskoa aurkeztuko dau. Ondoren, Mursegoren txandea izango da, bere txelo eta loopakaz, bere bi diskoen arteko bidaia bategaz. Eta amaitzeko, Anni B Sweeten txandea izango da, formatu akustikoan eskainitako kontzertu bategaz, bera bakarrik eszenatokian bere bi diskoetako abestien errepasoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!