Disko zaparradea udabarrian
2013-01-21 14:09 MusikeaWe Are Standard, Hesian, Gari, Eñaut Elorrieta, EH Sukarra, Igelaren Banda eta Mandoilek taldeen disko barriak helduko doguz udabarrian.
We are Standard getxotarrek martiaren 25ean kaleratuko dabe Day disko barria Mushroom Pillow diskoetxearen eskutik. Taldeak berak eta Xabier Eguiak alkarlanean grabau eta produzidu dabe, eta Eric Broucecken (LCD Soundsystem, Free Energy, Hercules) laguntzinoa izan dabe nahasketa mahaian zein produkzino lanetan.
Kolaborazinoei jagokenez, Emmanuel Laundg I’m from Barcelona taldeko kidearen laguntzinoa izan dabe getxotarrek. Only Neon’ abestia sortzen lagundu deutse artisteak. Diskoaren azala, barriz, Joseph Wrighten Versuvius in eruption izango da, Londreseko Tate Modern museoak Mushroom Pillowi itxitako irudia.
We are Standardek iragarri dauenez, Great State azken diskoaren bideari jarraituko deutsie lan barrian, baina abesti psikodelikoen aldeko apustua eginez.
Eñaut Elorrieta, EH Sukarra, Hesian, Gari eta Igelaren Bandaren lan barriak
Oihuka diskoetxearen eskutik, Hesian taldeak zezeilaren amaierarako kaleratuko dau bere azken lana: Hemen eta Orain. Seigarren diskoa izango da Sakanako taldearentzat, eta CD/DVD formatuan aurkeztuko dabe. Zuzenean grabau dabe, lehenengo aldiz, orain artekoa moduko errepertorio indartsuagaz. 2012ko abuztuaren 14an emondako kontzertua eta alkarrizketa esklusibo batzuk izango dira bertan ikusgai, eta entzungai, barriz, Gernikako kontzertua eta aparteko beste zuzeneko batzuk.
Diskoetxe beraren eskutik, EH Sukarrak zortzigarren diskoa kaleratuko dau apirilean. Lan heldua, indartsua eta zuzena izango da, hogei urte pasatxoko historiari amaiera bikaina emoteko. 1991n hasi eban taldeak bere ibilbidea, eta ordutik Euskal Herri osora eroan dabe euren musikea. Taldeak apirilaren 12an aurkeztuko dau bere azken lana.
Beste alde batetik, 2013ko martiaren hasierarako Garik be atarako dau lan barria, Elkar diskoetxeagaz. Ez da amaiera bakarkako ibilbideari ekin eutsonetik kaleratu dauen zazpigarrena izango da. CDa zuzeneko kontzertu artistiko baten isla izango da, eta kantu sakonak, erakargarriak eta indartsuak ekarriko deuskuz Garik bertan.
Gari bakarrik ez, gero eta gehiago dira bakarlari bideari ekin deutsienak. Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko abeslaria, be abiatu da bakarka, eta Deserria lana aurkeztuko deusku maiatzean. Deserriaren gaian oinarritu dau disko osoa, hainbat ikuspegitatik herriminez batuz erbesteratuen sentipenak. Zuzenekoakaz osotu dau lana, ohiko melodia sakonak tarteko dirala.
Azken buruan, Igelaren Bandak Preguntatxo bat izeneko diskoa atarako dau martiaren hasieran eta Mandoilek taldeak, barriz, lehenengo diskoa plazaratuko dau apirilaren amaieran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!