June Cresporen erakusketea ipini dabe Bilboko Rekalde Aretoan, 'Barriek 2013' programearen barruan

Dabi Piedra 2013-01-15 14:26   Kulturea

BFAk artista gazteei laguntzeko daukan egitasmoa da Barriek eta joan diran hileetan programan parte hartu daben artisten aukeraketea egin dabe. Holan, hautatutako bost artistek, erakusketa indibidual bana eukiko dabe aurten Rekalde Aretoan. Lehenengoa, June Crespok egindako eskultura moltsoa da, Amatista izenburukoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteei laguntzeko daukan egitasmoa da Barriek eta joan diran hileetan programan parte hartu daben artisten aukeraketea egin dabe. Holan, hautatutako bost artistek, erakusketa indibidual bana eukiko dabe aurten Rekalde Aretoan. Lehenengoa, June Crespok egindako eskultura moltsoa da, Amatista izenburukoa. Zezeilaren 24ra arte egongo da ikusgai. Gaurko aurkezpenean June Crespok berak azaldu dauenez, eguneroko bizitzako objektuak alkartu eta esanahi barriak sortzea da bere helburu artistikoa.

Bizkaiko Foru Aldundia aintzindaria da arte adierazpideei laguntzen, Gonzalo Olabarria kultura zuzendariak azpimarratu dauenez. Hain zuzen, Bizkaian lan egiten daben artista gazteei bultzadea emoteko sortu eben Barriek programea, euren lehenengo pausuetan babesa emon gura deutsegu, azaldu dau Olabarriak. Barriek egitasmoan parte hartu daben bost artistak, ganera, Rekalde aretoan euren sorkuntzea erakusteko aukerea eukiko dabe, Barriek 2013 zikloari esker, ondoz ondoko bost erakusketa izango dira, artista barrien lana gizarteak ezagutu daian, esan dau Olabarriak, euren etxean be profeta izan daitezala gazteok, euren lana Bizkaian bertan disfrutau ahal izan daitela gura dogu.

Dagoeneko zabalik dagoan June Cresporen erakusketea da Barriek 2013ko lehenengoa. Zezeilaren 26tik apirilaren 14ra, Fernando Villena bilbotarraren obrea egongo da ikusgai eta, apirilaren 16tik bagilaren 2ra, Irune Orbearena. Bagilaren 4tik garagarrilaren 21era, aldiz, Manu Urangaren txandea izango da, Silvia Olabarriagaz amaitu baino lehen, garagarrilaren 23tik irailaren 15era. Gaur eguneko sormen prozesuan dagozan eta biharko Bizkaiko arte sorkuntzearen iturri izango diranak aurkeztuko doguz, nabarmendu dau Gonzalo Olabarriak. Barriek programeak lagunduta lan egin daben bitartean sortu dabena erakustea da asmoa, artista bakotxaren ibilbide osoko errepasoa egitea baino.

Zezeilaren 24ra arte, beraz, June Crespo, Bilbon bizi dan artista iruindarraren erakusketea ikusi leiteke Errekalde Aretoan. Amatista izenburua dauka eskultura moltsoak, izan be, amatista izeneko materialak badauka zerikusia erakusketan adierazo nahi dauenagaz. Crespok berak azaldu dauenez, amatista kuartzoa material batua eta indartsua da eta, hain zuzen, nire obrearen atzean, batasuna dago, objektu desbardinak norabide oso zehatzean batzea da nire asmoa. June Crespok gauza arruntak hartzen ditu eta hainbat eratara alkartzen ditu, egunerokoagaz zeozer barria sortu nahi dot. Era berean, erakutsi nahi dot eguneroko gauzek zelan laguntzen deusten nire lanean, adierazo dau. Brancusiren lan egiteko moduan be inspirau da artista gaztea, Brancusi aztertuta ikasi dot, objektuak eskultura bakarrean zelan alkartu, baina dana nahastau barik.

Izatez, June Cresporen artelanak, eskultura soilak baino, eskultura-instalazinoak dira, adituen esanetan. Irudiaren erreprodukzinoa lantzen dau, objektuakaz collage-ak edo assemblage erako alkarketak eginaz. Crespok berak adierazo dauenez, esanahi abstraktudun gauzak batzea nahiago dot, baina noizean behin identifikagarriagoak diran elementuak be sartu beharrean egoten naz. Bide horretan doa Rekalde aretoan ikusgai dagoan Ezetzetik baietza eskulturea, dilema handiak eragin deustaz obra horrek, batez be post-it bat ipini neutsalako ganean eta gero dudatan egon nintzan, kendu ala ez. Gero be, bertan itxi eban post-it hori, Rekalde aretoko bisitariek ikusiko dabenez. Hain zuzen, Ezetzetik baietza, June Cresporen artelan adierazgarrienetakoa da eta nabarmendu be egiten da Rekalde aretoko bilduman, aretoaren erdi-erdian dagoan zutoin erako eskulturea da-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu