UPV/EHUko tesi batek Oteizaren egitasmoa berrartu dau, arteak urian izan leikezan funtzinoei buruz hausnartzeko tresna moduan
2013-01-02 10:51Tesiaren asmoa da egitasmoa berrartzea, artearen eta gure uria egituratzen daben erakundeen arteko lankidetza-ereduari buruz hausnartzeko tresna moduan. Zalantzan jarri nahi dot ia orain arte Bilbon garatutako urigintza-eredua baino ez dan posible, edo, ostera, badiren beste aukera batzuk, uri-marketinari baino gehiago herritarrei bideratuak azaldu dau Rementeriak.
Oteizak Bilboko Alondigarako pentsautako egitasmoa ikertu dau bere doktoretza-tesian Iskandar Rementeria ikertzaileak. Arte Ederretan doktorea da UPV/EHUn. Tesiaren asmoa da egitasmoa berrartzea, artearen eta gure uria egituratzen daben erakundeen arteko lankidetza-ereduari buruz hausnartzeko tresna moduan. Zalantzan jarri nahi dot ia orain arte Bilbon garatutako urigintza-eredua baino ez dan posible, edo, ostera, badiren beste aukera batzuk, uri-marketinari baino gehiago herritarrei bideratuak azaldu dau Rementeriak. Tesiaren izenburua da Proyecto no conluido para la Alhóndiga de Bilbao. La estética objetiva de Jorge Oteiza como método de investigación.
Rementeriak adierazo dauenez, Oteizak parte hartu eban egitasmo inflexino-puntua izan zan uriaren hurreko historian; izan be, uria bete-betean egoan desindustrializazino-prozesuaren amaieran, eta orduan hasi ziran jaubetzen kulturea eta artea ekonomia berpizteko motorra zirala. Egoera hartan, José María Gorordo Eusko Alderdi Jeltzalearen Bilboko alkategaiak Kultura Zentroaren proposamena aurkeztu eban Alondigarako, 1988 urtean. Gorordoren berbetan, egitasmo haren helburua zan garai bateko Alondigea eta Santiago Apostol ikastetxearen espazioak berrerabiltea, hor arte-fabrika bat eregiteko: ikuskizunen kulturea baino gehiago, parte-hartzearen kulturea bultzatzea ei zan proiektuaren asmoa. Egitasmoa garatzeko, Gorordok Jorge Oteizari laguntza eskatu eutson, eta harek, Juan Daniel Fullaondo eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoakaz bat, artearen eta arkitekturearen arteko alkarlanerako talde bat egituratu eban, eraikinaren proiektua egiteko.
Gorordok beste erakunde publiko batzuen interesa piztu eban Alondegiko Kultura Zentroan Foru Liburutegia, Musika Kontserbatorioa eta Arte Garaikidearen Euskal Museoa (azkenean Guggenheim Museo legez edegitakoa) zentralizetako. Gainera, alkateak berak proposatu eutson Oteizari Ikerketa Estetikoetarako Institutua, eskultorea 60. hamarkadatik gauzatu nahian ebilena, Alondigearen barruan garatzea gogorarazo dau Rementeriak.
50eko hamarkadatik, hausnarketarako eta ekintzarako auzi premiazkoak bihurtu ziran Oteizarentzat uriko gune publikoak, eta funtzino emantzipatzailea, askatzailea izan eikean artearen ikuspuntutik heldu nahi eutson eztabaideari. Arte-mota hori, arkitektureagaz eta pedagogia-egituren eraldaketeagaz batera, eta herritarren heziketa estetikoaren bitartez, Euskal Herrian kulturea erabarritzeko tresna izatea nahi eban azaldu dau ikertzaileak. Pentsetako eta sentiduteko persona libreak heztea helburu eban arte-mueta, hain zuzen, 60ko hamarkadan urietan nagusi zan beste arte-funtzino haren kontrakoa zana; izan be, ordurako, eskultoreak antzemoten eban ikuskizun funtzinoa, hau da, urigintza-arloko eraikuntzan apainkeriarako jokerea. Oteizak beti egin eutson kontra artearen ikusmolde horri, pentsetan ebalako agintearen aurrean otzanak eta mantsoak ziran herritarrak sortzen zituala.
Badirudi egitasmoaren porrotaren arrazoia arkitektura-egitasmoaren eta eraikinari autortutako babesaren arteko bateraezintasuna izan zala: momentu haretan, Eusko Jaurlaritzako Ondare Batzordeak Interes Kulturaleko Ondasun izentau eban Alondigea. Gainera, Batzordeak jo eban arkitektura-multzo barriaren bolumetria itzela, 80 metro luzeko eraikin handi batez lotutako bi plaza publiko handikoa, Zabalguneko urigintza-bilbearen kontrakoa zala. Halan da be, beste batzuen eretxiz, arrazoi politikoak —bai eta personalak be— erabagigarriak izan ziran Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren azken debeku haretan.
Rementeriak dokumentu-iturri asko jaso eta ikertu ditu, proiektuaren konplexutasunaren barri emoten dabenak, eta dokumentazino hori guztia sartu dau tesian. Holan, maila bateko baino gehiagoko testua sortu dau, irakurleak proiektuari buruzko bere eretxia eregi daian. Informazino hori guztia ordenatzeko gida moduan, Oteizaren estetika-ekuazinoa erabili dau. Ekuazinoak artearen funtzino nagusiaren barri emoteko —hau da, artea desalienazino- eta emantzipazino-mekanismoa izateko— artisteak eskura dituan funtsezko faktoreak eta barruko eragiketak zehazten ditu. Nire asmoa izan da hainbeste interes eta hain konplexuak diran faktoreak bateratzen dituan arte-egitasmo baten egiazko zailtasunak ikusarazotea azaldu dau Rementeriak.
Egileari buruz
Iskandar Rementeria Arnaiz (Bilbo, 1979) Filosofian lizentziatua da Deustuko Unibersidadean, eta Arte Ederretan doktorea UPV/EHUko Eskultura Sailean. Tesia Ángel Bados Iparragirre doktorearen zuzendaritzapean egin dau. Iparragirre eskultorea da, eta UPV/EHUko Eskultura Saileko irakasle titular ohia. Ikerketearen eta landa-lanaren zati handi bat Jorge Oteiza Museoa Fundazinoan eta Bilboko Udaleko Artxibo Nagusian egin da. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzearen Eremuak programearen barruko ikerketa-egitasmo batean dabil lanean, Euskal Herriko arte-sorkuntza garaikideari buruzko ikus-entzunezko bat egiten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!