Eszenika arte eszenikoen goi mailako eskolearen proiektua zalantzan dagoela salatu dabe

Bizkaie! 2012-12-21 13:46   Kulturea

Euskal Herriko arte eszenikoetako hainbat eragilek Eszenika izeneko eskolearen egitasmoa zalantza egoeran dagoela adierazo dabe komunikadu baten. Eusko Jaurlaritzeak eskolaren sorrera ahalbidetzeko proiektuaren eta obren lehiaketak izan dauen geldialdiak eta azkenaldian argitaratutako albisteek ardura handia sortu dabe.

Euskal Herriko arte eszenikoetako hainbat eragilek Eszenika izeneko eskolearen egitasmoa zalantza egoeran dagoela adierazo dabe komunikadu baten. Eusko Jaurlaritzeak eskolaren sorrera ahalbidetzeko proiektuaren eta obren lehiaketak izan dauen geldialdiak eta azkenaldian argitaratutako albisteek ardura handia sortu dabe Euskal Herrian Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola bat sortzearen aldeko Plataformako kideen artean.

Hemen, plataformeak plazaratutako komunikadua:

Euskal Herrian Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola bat sortzearen aldeko Plataformaren komunikatua.

Euskal Herrian Arte Eszenikoen (Arte dramatikoa, Dantza eta Eszenoteknika) Goi Mailako eskola bat sortzearen aldeko Plataformatik gure harridura eta kezka azaldu nahi dugu publikoki, Eskolaren sorrera ahalbidetuko zuen proiektuaren eta obren lehiaketak izan duen geldialdiaren harira, azken aldian argitaratutako berriengatik.

Lehiaketa bertan behera uzteko arrazoi zehatzak zeintzuk izan diren azaltzeko xehetasunetan sartu gabe, Plataforma hau osatzen dugun profesionalok, sektoreko elkarte ezberdinetako partaideak denok ere, Eszenika proiektuak egun bizi duen zalantza egoera salatu nahi dugu. Hezkuntza Saileko arduradunek duela bi urte baino gehiago hartu zuten konpromisoa proiektu hau 2012-2013 ikasturtean irekitzeko, eta uste dugu epealdi horretan egon ahal izan diren zailtasunek ez dutela justifikatzen hitzartutako epeak ez betetzea. Are gehiago, duda egiten dugu, 2013-2014 ikasturtean ere proiektua gauzatuko ote den; horixe izan zen arren, aurtengo maiatzaren 15ean egindako Legebiltzarreko bileran aipatutako data.

Arte Eszenikoen sektoreko profesionalok zazpi urte daramatzagu Goi Mailako Eskola baten sorrera modu aktiboan eskatzen; sektoreko elkarte eta profesional gehienak biltzen dituen Plataforma hau eratu zenetik hain zuzen ere. Urte hauetan guztietan formazio ofizial eta arautua eskainiko ligukeen Eskola baten beharra defendatu dugu. Izan ere, beste sektore batzuetako profesionalek, musika eta arte ederrak diziplinatakoek barne, eskura dituzte, inguruan, aipatutako formazioa garatzeko lekuak. Beste komunitate autonomo batzuek aspalditik eskaintzen dituzte ikasketa hauek eta ez dugu ulertzen zergatik joan behar dugun hemengo aktore, dantzari, dramaturgo, zuzeneko ikuskizunetako tekniko eta abarrek etxetik urrun formazio ofizial hori jasotzera. Seguru gaude formazio on bat jasotzea garrantzitsua dela, ez norberaren karrera profesionala garatzeko bakarrik, baita arte eszenikoen sektoreari egonkortasun eta oparotasun bat emateko ere. Izan ere, sektore hau, gizarte honetako lan eta ekonomia ehunduraren parte izateaz gain, funtsezkoa da herrialde baten kulturaren garapenerako.

Azkenik, lanean jarraitzeko borondatea berretsi nahi dugu, ahalik eta denborarik laburrenean, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola errealitate bat izan dadin Euskal Herrian. Horretan aritu gara azken zazpi urte hauetan Hezkuntza Sailarekin izan ditugun etengabeko elkarlan eta elkarrizketekin, eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu. Badakigu bizi dugun koiuntura ekonomikoa ez dela aproposena, baina sektoreko gehiengoaren babesarekin beharrezkoak diren adostasunetan sakontzeko konpromisoa hartzen dugu, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren proiektua ahanzturan geratu ez dadin.

Euskal Herrian Arte Eszenikoen Goi Mailako eskolea sortzearen aldeko Plataformako kide dira:

Euskal Aktoreen Batasuna
Eskena Euskadiko Produkzino Eszenikoen Enpresa Alkartuak
ATAE Arte Eszenikoetako Teknikariek Alkartea
Euskal Herriko Dantza Profesionalen Alkartea
Teatro Autoreen Alkartea
Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Alkartea
Txirlora Bilboko Txotxongiloen Dokumentazino Zentroa
Anima Arte Eszenikoen Eskola
Artebi Musika, Arte Eszeniko eta Ikus-arteetako Bilboko Eskolea
TAE- Gasteizko Eszena Arte Tailerra
TAE-AET Donostiako Arte Eszenikoen Tailerra.
Getxoko Antzerki Eskola
ORTZAI Antzerki eta Zinema Eskolea
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu