Musika kubatarra AEBetako bluesa eta flamenkoa protagonista Bilbon Mila Musika Haria zikloan
2012-12-10 17:12 MusikeaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako programea abenduaren 11tik 28ra izango da Abando-Barrainkuako udaltegian. Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sarrerea librea izango da aretoko leku guztiak bete arte.
Gitarra zale guztiek Mila Musika Haria zikloaren hirugarren edizinoaz gozau ahal izango dabe abenduan. Zikloa, musika tresna horren eta harizko beste musika tresna batzuen inguruan sortutako musika, adierazpen zein bariedadeei eskainita egongo da. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako programea abenduaren 11tik 28ra izango da Abando-Barrainkuako udaltegian. Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sarrerea librea izango da aretoko leku guztiak bete arte.
Mila Musika Haria programeak aurten Kubako musikea eta Ipar Amerikako sustraia dauen musikea (blues, bluegrass eta folk), autore musikea eta flamenkoa dakarz.
Programea abenduaren 11n hasiko da, musika kubatarraren sustraiei eskainitako emonaldiagaz, Trío Guararey taldearen eskutik; beraz, boleroa, sona edo chachacha, besteak beste, ahotsen, gitarren eta perkusinoen bitartez.
Bigarren kontzertua abenduaren 14an izango da, Michael Lee Wolferen eskutik. Musikari horrek American roots music izenekoaren erritmoak ekarriko ditu Bilbora (blues, bluegrass, folk). Musikari eta konposagile ipar amerikarrak María Maraya Zydeco Álvarez akordeoi jotzailearen laguntzinoa izango dau, eta bere diskoetako kantuak joko ditu, Amerikako kantutegiaren zenbait abesti klasikoren aukeraketaz gan.
Horrezaz gan, zapatuan, abenduaren 15ean, Michael Lee Wolfek, Ipar Amerikako musikearen sustraiei buruzko tailerra zuzenduko dau, goizeko 10:00etatik 12:30etara (Izen emotea http://www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez egin behar da eta matrikulearen prezioa 10 eurokoa izango da. Plazak mugatuak dira). Tailerra, gitarra ezagupenak dituen personei zuzenduta egongo da; afinazinoak errepasauko ditu eta slide, flatpicking and fingerpicking-agaz jotea eta estilo bakotxerako oinarrizko zenbait gai jorratuko ditu.
Andrés Cansino izango da abenduaren 18ko gitarra flamenkoaren errezitaldi ilustratuaren protagonista. Ibilbide zabala dauen Andrés Cansino gitarra jotzaile malagarra, konposatzailea eta cante piezen letra egilea be bada eta zenbait antzezlani eta jantza koreografiari musikea jarri deutse.
Abenduaren 20a egile musikeari erreserbauta egongo da, Rumba Norte, Ke No Falte eta Masiompa lako taldeetan esperientzia luzea dauen Oier Aldekoa musikari bizkaitarraren errezitaldiagaz. Gaur egun, Oierrek bere musika sorkuntzea film laburretan eta Franz Reichelt proiektuan garatzen dau. Proiektu hori aurkeztuko dau ziklo honetan, biolontxeloa joko dauen Yurena Nuñoren laguntza bereziagaz.
Azken buruan, abenduaren 28an, flamenkoa izango da barriro protagonista Juan de Pilarren lehen diskoaren izenburua daroan Oro blanco kontzertuagaz. Oraingo honetan, egileagaz batera, Oscar de Manuelen txirulea eta Israel Suárez Porrinaren, Piraña perkusinoa izango dira. Musikari gazte valentziarrak eta bere lagunek, flamenko-sinfonikoa, tangoak, buleriak eta fandangoak joko ditue, formatu intimoan eta oso modu personalean.
Informazino gehiago www.kulturabarrutik.net webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!