Athletic-Real bertsotan, derbi berezia zezeilaren 22an Bilbon

Bizkaie! 2012-12-10 11:29   Bertsolaritzea

Athetic - Real Sociedad futbol derbiaren inguruan, hiru bertsolari zurigorriren eta hiru txuriurdinen arteko lehiaketea, hurrengo zezeilaren 22an 19:00etan Bilboko BBK Aretoan izango da. Talde bakotxak kapitain bat izentauko dau eta taldea osotuko daben beste bi bertsolariak kluben webguneetan aukeratuko dira bozketa bitartez.

Zezeilaren 22an, Bilboko BBK aretoan egingo dan Bertso-derbi ekitaldia aurkeztu eben bart Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokearen zarratze ekitaldi modura. Athletic eta Real futbol taldeen arteko derbian sortzen dan giroa, bertsolaritzea eta hartu-emonak sustatu gura dira ekimen honegaz.

Aurkezpenean izan dira Jokin Garatea (Athletc Clubeko Zuzendaritzako kidea eta Athletic Club Fundazinoko burua), Joseba Ibarburu (Real Sociedad taldeko aholkularia eta Real Sociedad Fundazinoko burua). Eurekaz batera, futbol talde bakotxeko ordezkari moduan, Anjel Mari Peñagarikano (Athletic) eta Amaia Agirre (Reala) bertsolariek jardungo dabe zezeileko ekitaldirako giroa berotzen.


Bertso-Derbia

Athletic Club Fundazinoak eta Sala BBK-aretoak, Real Sociedad Fundazinoaren laguntzinoagaz, lehenengo bertso-derbiaren edizinoa antolatu dabe. Athletic-Real derbi berezia izango da, bertsotan.

Athetic - Real Sociedad futbol derbiaren inguruan, hiru bertsolari zurigorriren eta hiru txuriurdinen arteko lehiaketea, hurrengo zezeilaren 22an 19:00etan Bilboko BBK Aretoan (Lopez de Haro Kale Nagusia 19-21) izango da. Talde bakotxak kapitain bat izentauko dau eta taldea osotuko daben beste bi bertsolariak kluben webguneetan aukeratuko dira bozketa bitartez.

Athletic Club-en kapitaina Angel Mari Peñagarikano da eta Realarena Andoni Egaña. Bi taldeetako beste bi bertsolariak klubetako webguneetan eta sare sozialetan egingo dan botazinoaren bitartez izango dira aukeratuak; hurrengo zerrenda honetatik aukeratuko dira:

Athletic Club: Igor Elorza, Jone Uria, Oihana Bartra, Sustrai Colina, Iratxe Ibarra eta Fredy Paya.

Real Sociedad: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Amaia Agirre, Agin Rezola, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin.

Kontuak kontu, botazinoa urtarrilaren 7ra arte zabalik egongo da.

Taldeak mixtoak izan beharko dira, beraz, bi kapitainak gizonezkoak diranez, boto gehien izango dauen bertsolaria gizonezkoa izan ezkero, hirugarren ordezkaria emakumezkoa aukeratuko da.

Boto gehien lortzen dituan bertsolaria emakumezkoa balitz, hurrengo ordezkaria botazinoan bigarren gizonezko sailkatua izango litzateke.

Ekitaldi honen asmoa, bi taldeen arteko lehia eta derbietan sortzen dan giro atsegina indartzea da. Gainera, lotzen gaituen kulturea sustatu eta bertsolaritzan futbolaren gaia bultzatzea bilatzen dabe bi klubek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu