'Dale candela' izango da Itziarren Semeak taldearen disko barriaren izenburua

Bizkaie! 2012-11-08 10:00   Musikea

Itziarren Semeak taldea joandako urriaren 22tik dago Dale candela disko barria grabetan Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazoren eskutik. 15 kantu tropikalez osotutako lana Mauka diskoetxeagaz kaleratuko dabe.

Itziarren Semeak taldea joandako urriaren 22tik dago disko barria grabetan Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazoren eskutik. 15 kantu tropikalez osotutako lana Mauka diskoetxeagaz kaleratuko dabe; kantuen artean, Negu Gorriak taldearen Amodiozko kanta abestiaren moldaketa bat egin dabe. Kolaborazinoen artean, barriz, La Jodedera, Norte Apache, Iheskide, Arkaitz (Anger), Iñaki (Gose) eta DZ-k (Esne Beltza) parte hartu dabe diskoan.

Ska, punk eta reggae taldekoek RRVren semeak dirala aldarrikatu dabe hasieratik; ezin izan eben lehen lerroan egon 80. hamarkadan, baina beti eroan dabe munduari begiratzeko modu hori bihotzean. Iturri haretatik edanda, euren bidea egin nahi dabe sinisten dituen ideiak jai giroan aldarrikatuz.

Taldearen izena, Euskal Herriko kultura musikala ulertzeko ezinbestekoak diran Pantxoa eta Peio bikotearen Itziarren semea kantutik hartu eben. Torturearen kontrako aldarrikapen horrek erakusten dau, taldearen filosofia boteretsuen kontra eta zapaldutakoen alde abestea dala.

2006an batu ziran lehen aldiz Mungiako lokaletan. Lehen kontzertua 2007ko apirilean emon eben Mungiako Gazte Asanbladearen eskutik eta uda horretan hainbat kontzertu eskaini zituen eskualdeko herriko jai desbardinetan. Hasierako taldekideek jarraitzen dabe (Ibon, Manex, Jebi, Asier eta Irkus), baina 2008tik Santutxun topau eben Unaik jarten ditu erritmoak. Urte bereko bagilean lehenengo diskoa grabau eben Ondarroako Santos Records-en. Hamar kantu propio izan ziran. 2010eko zezeilean, barriz, Bizkaiko Golfoak diskoa grabau eben Andoaingo Garate estudioetan, Kaki eta Martxel Arkarazo teknikariakaz.

Estilo desbardinetako hamaika abesti sartu zituen. Tabernatako maitasun, gorroto eta burruka kantak. NOFX-en Kill all the white man abestiaren bersinoa (Agur Maitia) eta The Foggy dew kantu irlandar tradizionalean oinarritutako bertso bat (Zutik) be agiri dira. Berbetan Fredi Paia bertsolariak lagundu eutsen.

Disko honi esker 50 kontzertu baino gehiago emoteko aukerea izan eben eta 2011ko martia eta apirila bitartean Lehen lerroan izeneko diskoaren grabazinoa etorri zan, barriro be Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazaroren gidaritzapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu