EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak eta IDOMek diseinautako kamera astronomiko batek Jupiter eta Saturnoren lehen irudiak jaso ditu
2012-10-04 11:34Sánchez Lavega irakasleak adierazo dauenez, lehen emoitzak oso oparoak dira eta kamereak irudi ederrak atara leikezala ikusi dogu, aurrerantzean, atmosfera prozesu desbardinak aztertzeko balio izango dituenak eta fenomeno arinen jarraipena egiteko, adibidez, meteorito, asteroide, kometa eta gai desbardinen arteko talkak, batez be Jupiterren.
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Zientzia Planetarioen Taldeak eta IDOM enpreseak diseinautako kamera astronomiko batek, Jupiter eta Saturnoren lehen irudiak jaso ditu. Argazkiak Madrilen izandako Zientzia Planetarioen Europako Biltzarrean Agustin Sanchez Lavega Eskolako irakasle eta Aula EspaZio Gelako zuzendariaren eskutik aurkeztu dira pasa dan astean.
Irudiak PlanetCam UPV/EHU izenez bataiatu daben kamereak jaso ditu, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Tekniko Aula EspaZio Gelako teleskopioaren laguntzaz, eta baita Frantziako Pic du Midi behatokian dagoan teleskopioagaz eta Almeriako Calar Altokoaren laguntzinoagaz (Zentro Astronomiko Hispaniar Alemaniarrekoa).
Sánchez Lavega irakasleak adierazo dauenez, lehen emoitzak oso oparoak dira eta kamereak irudi ederrak atara leikezala ikusi dogu, aurrerantzean, atmosfera prozesu desbardinak aztertzeko balio izango dituenak eta fenomeno arinen jarraipena egiteko, adibidez, meteorito, asteroide, kometa eta gai desbardinen arteko talkak, batez be Jupiterren.
IDOM enpresa eta Zientzia Planetarioen Taldeak alkarlanean diseinau eta fabrikau dabe kamerea. Detektagailu oso sentikorra eta bizkorra erabilten dau, planetak filmetea ahalbidetzen dauena. Jasoten dituan fotograma bakotxaren erabilera egokia egin ezkero, lurreko eguratsean egon daitekezan zurrunbiloak gainditu eta planeten irudi oso gardenak atara leikez, segunduen iraupena daben jazoerak filmetako ahalmena izateaz gan.
PlanetCam UPV/EHU proiektu osoa bi kameren konfigurazinoan oinarritzen da. Alde batetik, argi ikuskorragaz lan egiten dauen kanal bat dauka –eregi eta probau dana-, eta beste aldetik, argi infragorria atzemoten dauen kamerea, oraindino proiektua gauzatzen dagoana. Kamerea erabat eregita dagoanean, teleskopiotik sartzen dan argia bi ataletan banatzea espero da elementu optiko baten bitartez eta holan, kamerako kanal bakotxak momentu berean planetak grabau ahal izando ditu argi ikuskor eta infragorriagaz.
PlanetCam UPV/EHU proiektua, heziketa proiektu bat izateaz gan, oinarrizko zientziaren ikerketearen emoitzea da, Zientzia eta Teknologia Espazialeko Masterreko bi proiektutan eta ikasturteko doktoretza tesi baten mamitzen dana. Proiektua Eusko Jaularitzeak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeritzeak, Euskal Herriko Unibersidadeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutakoa da Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Aula EspaZio Gelaren bitartez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!