Arteari eta oroimenari buruzko nazinoarteko jardunaldiak, gaur eta bihar Bilbon
2012-09-19 15:09Kritikarea alkarteak artea ikertzea dau helburu, artearen nortasunari buruz hausnartzea. Unibersidadeko filosofia, arkitektura eta artearen historiako irakasle talde batek sortu dau. Igaz, lehenengoz antolatu eben Paisaia Kritikoak estetikeari, politikeari eta eremu publikoari buruzko alkarrizketea eta, emoitza onak ikusita, aurten barriro eratu dabe gogoetaldia.
Kritikarea alkarteak antolatuta eta Euskadi 2012 Fundazinoak babestuta, bertoko nahiz kanpoko adituek gogoetea egingo dabe, arteak eta estetikeak gizartean beteten daben zereginaz, bizimoduan eta oroimenean daukien eraginaz eta industria kulturalaz. Adituen eretxiak entzun eta gizartean zabaltzea izango da asmoa. Bilboko Abandoibarran, Bizkaia Aretoan, izango dira jardunaldiak, gaur, eguaztena, arratsaldez; bihar, eguena, jarraituko dabe, goiz eta arratsaldeko saioetan.
Kritikarea alkarteak artea ikertzea dau helburu, artearen nortasunari buruz hausnartzea. Unibersidadeko filosofia, arkitektura eta artearen historiako irakasle talde batek sortu dau. Igaz, lehenengoz antolatu eben Paisaia Kritikoak estetikeari, politikeari eta eremu publikoari buruzko alkarrizketea eta, emoitza interesgarriak egon zirala ikusita, aurten barriro eratu dabe gogoetaldia, Euskadi 2012 Fundazinoaren babesagaz. Hutsunea egon da estetikearen eremuan, era honetako gaien inguruan eretxiak trukatzea falta da, azaldu dau Aitor Aurrekoetxea Kritikareako kideak. Aurrekoetxeak berak ponentzia bat emongo dau bihar.
Sortzaileak batu gura doguz, adituak, eskarmentua daukienak, gizarteari ondorioak emoteko gero, azaldu dau Fernando Golvanok, parte hartuko dauen beste irakasle batek. Bilbora nazinoarteko mailan dabilzanak konbidau doguz, alor askotakoak, zehaztu dau Aurrekoetxeak. Holan, Deborah Schultz artearen historiako adituaren parte-hartzea nabarmendu dabe, arteak oroimenari egiten deutsan ekarpena aztertuko dau, bere esperientziatik abiatuta, azaldu dau Aurrekoetxeak, funtsean, memoriari lotutako hainbat gai jorratuko ditu. Maike van Stiphout Herberehetako paisaia arkitektuaren berbak be entzun ahal izango dira Bilbon, baita Carlos Irijalba artistearena be, artistek eurek be ahotsa eukiko dabe' Aurrekoetxearen arabera.
Fernando Golvanok aurkezpenean aurreratu dauenez, berak uriko artearen funtzinoa ikertuko dau, memoriari lotuta uriko artelanek beteten daben zeregina, memoria aztertzeko dituen modu desbardinak, ze, batzuetan, memoria lantzeko ikuspegi kontrajarriak egoten dira, baina danak baliogarriak izan leitekez. Golvanoren ustez, uria identidadea lantzeko laborategia da. Aitor Aurrekoetxeak, barriz, industria kulturalari buruzko hausnarketea eroango dau Bilbora bihar, artetik abiatuko naz, biziteko moduak ikertu eta horrek sortzen dauen kontzientzia aztertzeko. Bizkaia Aretoan egongo dira, ganera, Manuel Delgado, Fernando Bajo eta Iñigo Sarriugarte. Gaurko saioa arratsaldeko 16:30ean hasiko da, Carlos Irijalba eta Fernando Golvanogaz eta 19:00etan izango da azkanengo berbaldia, Debora Schultzena. Bihar goizean, Fernando Bajok eta Iñigo Sarriugartek mintegia zuzenduko dabe goizean eta, arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Aitor Aurrekoetxea, Maike van Stipthout eta Manuel Delgado entzun ahal izango dira.
Nazinoarteko topaketok, batik bat, aditu, irakasle eta arte ikasleei zuzenduta dagoz, horregaitik, gaurko eta bihar goizeko saioetarako konbidapena behar da. Igazko mintegian oinarrituta, gogoetea egiten lagunduko daben taldeak konbidau doguz, geure arteko lan horri begiratuko deutsagu gehienbat' azaldu dau Aurrekoetxeak. Dana dala, bihar arratsaldeko saioa, hori bai, nahi daben guztientzat zabalik egongo da. Golvanok zehaztu dauenez, ganera, ekimen honen alderik inportanteenetakoa, hemen jasotakoa gizartean zabaltzea izango da; beraz, Paisaia Kritikoak topaketako gogoetak zabaltzeko ahalegina egingo dabe. Parte hartu gura dabenei ohartarazo behar jake, era berean, programazinoan ez dagoala euskerazko berbaldi bat be, ingelesez eta gaztelaniaz baino ez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!