'Zuloak' diskoa plazan, filma urriaren 5ean
2012-09-14 12:41 MusikeaTalka Records & Films-ek Bilbon aurkeztu eban atzo Zuloak taldearen lehenengo diskoa. Bertan Fermin Muguruza, Zuloak filmaren zuzendaria eta diskoaren produktorea izan zan, diskoan parte hartu daben musikari guztiakaz batera, Izaskun Muruaga, Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta, Naiara Goikoetxea, Ursula Strong, Alba Burgos eta Maitane Alonso Mai Bass.
Talka Records & Films-ek Bilbon aurkeztu eban atzo Zuloak taldearen lehenengo diskoa. Bertan Fermin Muguruza, Zuloak filmaren zuzendaria eta diskoaren produktorea izan zan, diskoan parte hartu daben musikari guztiakaz batera, Izaskun Muruaga, Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta, Naiara Goikoetxea, Ursula Strong, Alba Burgos eta Maitane Alonso Mai Bass.
Hamahiru kantu indartsu batzen dituan diskoa da, horreetatik hamar estudioan grabautakoak dira eta beste hiru abestiak Bilbon eta Gasteizen emondako zuzenekoetan jasoak. Tolosako Bonberenean grabau ditue eta Karlos Osinaga Txap eta Muguruza bera izan ditue produktore lanetan. Sexua, drogak, erlijinoaren kontrako berbak eta, batez be, emakumearen askatasuna dira jorratzen dituen gaiak. Euskal Herrian Riot Girl mobimentua berpizteko prest datoz.
Izaskun Muruagak eta Tania de Sousak jarri ditue ahotsak, Ainhoa Unzuetak gitarra eta koroak eta Naiara Goikoetxeak jo dau bateria. Gainera, Mai Bass izan dabe baxu jotzaile bi kantutan eta Alba Burgos, barriz, kantuan.
Arrate Rodriguezek izan eban emakumez osotutako banda bat sortzeko ideia eta hasieratik aldaketa ugari izan ditu taldeak, arrazoi bategaitik edo besteagaitik, taldea desegiteraino. Dana dala, Rodriguezek ikus-entzunezko material ugari eukan gordeta eta bere ahizta Eiderri emon eutson guztia, eta honek Fermin Muguruzari. Azken horrek azkar hartu eban film-dokumentala egiteko konpromisoa eta pelikulearen harira, desegin aurretik taldea osotzen eban hirukotea barriro alkartu da eta filmaren aurkezpen moduan hainbat kontzertu eskainiko ditu datozen bi hilebeteotan.
Kontzertu biran, makinatxu bat dira hitzorduak, besteak beste, irailaren 27an, Donostiako Le Bukowskin; irailaren 28an, Tolosako Bonberenean; urriaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian; urriaren 5ean, Gasteizko Helldoradon; urriaren 6an, Iruñeko Akelarren; eta urriaren 7an, Andoainen, Kilometroak jaian. Ondoren kanpora joango dira, Madril eta Bartzelonara, eta Hondarribian, Zizur Txikian, Ourensen, Berlinen, Barakaldon, Mexikon, Arrasaten eta Ondarroan be joko dabe. Zenbait kontzertu zinema jaialdietan egingo ditue, filmaren aurkezpenagaz batera.
Abentura honetan parte hartu dabenei jagokenez, Izaskun Muruaga Bermeoko Lights of Eden taldekoa da; Ainhoa Unzueta, Gernikako Itzalen taldekoa; Naiara Goikoetxea Hondarribiko Las Sfintters-ekoa; Tania de Sousa Las Putass del Mistol eta The Dispositives-en ibili da; azken horretan joten dau baxua Maitane Maibassek be; eta Las Culebras talde nafarragaz ibili zan Ursula Strong.
Zuloak filma
Zuloak filma, barriz, urriaren 5ean estreinauko da zinema-aretoetan baina aurretik Donostiako Zinemaldian be aurkeztuko dabe: irailaren 22an, Principal Antzokian; 23an eta 24an, Trueba zinema-aretoetan; eta 24an eta 25ean, Principe zinema-aretoetan. Sarrerak salgai jarriko ditue datorren domekan, irailaren 16an.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!