Musiketan zikloak 20. edizinoko egitaraua aurkeztu dau

Bizkaie! 2012-07-26 12:35   Musikea

Peter Hammil, Lou Lesage, Haight Ashbury, Nervous but excited, Tom Russel, Elliot Murphy eta Phil Cunningham & Aly Bain taldeek joko dabe Musiketan zikloaren 20. edizinoan. Zuzenekoak urriaren 7an hasi eta maiatzaren 19an amaituko dira, Bilboko BBK aretoan.

Peter Hammil, Lou Lesage, Haight Ashbury, Nervous but excited, Tom Russel, Elliot Murphy eta Phil Cunningham & Aly Bain taldeek joko dabe Musiketan zikloaren hurrengo denporaldian. Musiketanen 20. edizinoan be kalidadeari eusteko ahalegina egin dabe antolatzaileek. Zuzenekoak urriaren 7an hasi eta maiatzaren 19an amaituko dira, Bilboko BBK aretoan.

Hogei urtean 290 kontzertu ekarri ditu Bilbora Serrano produkzino-etxeak. Nazinoarteko musikari garrantzitsuen formatu txikiko zuzenekoek osotu dabe egitaraua. Folk, blues, jazz, soul eta funk musiken zaleek eskaintza ederra izan dabe. Moeta horretako kontzertuen hutsunea igarri eban Jose Angel Serranok, eta halantxe ekin eutson Musiketani. Zuzeneko desbardinak dira, musikari oso bereziak. Musiketan musikea da, musika sano ona, baina musika baino gehiago bere bai, adierazo dau.

Aurton, danetara, hamalau emonaldi atondu ditue, lehenengoa urriaren 7an egingo dau Peter Hammilek, eta azkenengoa, Phil Cunningham & Aly Bainek, maiatzaren 19an. Kontzertu guztiak domekatan izango dira.

Musiketan normalean baino hile bi lehenago aurkeztu dabe, BEZaren igoereak eraginda. Sarrerak datorren astean ipiniko ditue salgai, beraz gura dauenak abuztuaren 31ra arteko % 8ko BEZagaz erosi ahal izango ditu; irailaren 1tik aurrera, ostera, zergea %21 izango da.


Hemen egitarau osoa:

Bilboko BBK aretoan, 20:00etan

- Urriak 7: Peter Hammill.

- Urriak 21: Lou Lesage.

- Zemendiak 11: Haight Asbury.

- Zemendiak 25: Nervous but excited.

- Abenduak 6: Tom Russell.

- Urtarrilak 13: Elliot Murphy.

- Urtarrilak 27: Paddy Keenan.

- Zezeilak 17: China Crisis.

- Martiak 3: Martin Carthy.

- Martiak 17: Lakecia Benjamin.

- Apirilak 7: Charles Walker.

- Apirilak 21: Eddi Reader.

- Maiatzak 5: Kuunkuiskaajat.

- Maiatzak 19: Phil Cunningham & Aly Bain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu