175 gaztek hartuko dabe parte aurten BTEKeko udako kanpamendu teknologikoetan

Bizkaie! 2012-06-26 18:28

8 eta 14 urte bitarteko 175 gaztek hartuko dabe parte Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean atzo hasi eta garagarrilaren 27an amaituko diran udako Kanpamendu Teknologikoetan, igaz ezarri zan Parkearen ekimen aitzindaria.

175 gaztek hartuko dabe parte Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean atzo hasi eta garagarrilaren 27an amaituko diran udako Kanpamendu Teknologikoetan, igaz ezarri zan Parkearen ekimen aitzindaria. Igazko arrakasteari esker, eredu hau beste autonomia erkidego batzuetan, berbarako, Katalunia eta Nafarroa, eta Euskadiko beste zentro batzuetan, Deustuko Unibersidadean, Donostiako Axular ikastolan eta Easo Politeknikoan edota Gasteizko Bihotz Sakratua ikastetxean ezarri dabe. 8 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpamendu honeen helburua da gazteak robotika eta teknologiara hurreratzea, modu dibertigarrian, bokazino teknologikoak sustatzeagaz batera.

Bizkaiko Parkeko udako kanpamendu teknologikoak BTEKen egiten dabilz, Teknologiaren Interpretazino zentroan, gazteakan teknologiagazko jakinmina sortzea helburu dauen azpiegituran; horretarako ikasleentzako bisitak antolatzen ditu eskola-urtean zehar; bisita horreetan, ikasleek BTEKen modulu desbardinak ezagutzeagaz batera, bioteknologia tailerrak egiteko aukerea dabe, DNA ataratearen bidez Auzitegi-Medikuntza Unidadean eta Parkeko zuhaitz-espezieen identifikazino Unidadean esperimentuak egin ahal izango ditue, injinerutza genetikoko teknikak erabiliz. Hau da, txikitatik teknologia barriak erabiltera ohituta dagozan gazteak erakarten dituan aisialdi eta ikasketa eredu bat da.

Igaz egin ziran lehen kanpamendu teknologikoak BTEKen eta izandako arrakastea ikusita aurten bigarren edizinoa egitea erabagi zan, Strelia konpainiak antolatu eta BTEKen eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen parte-hartzeagaz.

Teknologiaren Interpretazino Zentroaren helburu nagusia lortzeko pausu garrantzitsua ezarri dabe udako kanpamendu teknologikoek; izan be, BTEKen asmoa, gazteen artean kultura zientifiko-teknologikoa ezagutzera emon eta zabaltzea baita, gazteak teknologiara hurreratuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu