Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoak arrakasta handia izan dau

Bizkaie! 2012-06-26 12:19

Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoaren bidea ez da hemen amaitzen, izan be, orain, itzultzailea smartphone eta tablet-etan erabilteko preparetan dabilz.

Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak joandako zezeilaren 28an jentaurrean aurkeztu eban gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa sano arrakastatsua izan da orain arte. Egunez egun haren kalidadea hobetzen doa, zehaztasun handiagoa dauka eta gero eta erabiltzaile gehiagok darabil.

Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoa aurkeztu zanean, ikusmin handia izan zan, zalantza bat baino gehiago egoalako haren funtzionamenduaren inguruan: kalidadezkoa izango ete zan, akats asko izango ete zituan edo benetan erabilgarria izango ete zan.

Aurkezpen-egunetik bagilera bitartean itzultzaileak izandako datuei erreparauta, 912.000 dokumentu baino gehiago eta 61,13 miloe esaldi baino gehiago itzuli ditu. Zehatz esateko, zezeilean, 54.883 dokumentu eta 1.525.487 esaldi izan ziran; martian, 280.023 dokumentu eta 11.762.430 esaldi; apirilean, 242.209 dokumentu eta 17.894.370 esaldi; eta maiatzean, 335.190 dokumentu eta 29.948.918 esaldi.

Kontuak kontu, zezeiletik bagilera bitarteko datuetan, itzultzeko sartu diran dokumentu, esaldi eta berben kopuruak goranzko jokerea izan dau eten barik; apirilean, dokumentuen kasuan, zeozertxu behera egin dau, baina kontuan hartu behar da hile horretan Aste Santua tartean egoala eta jarioa asko murrizten dala esparru guztietan.

Aurkezpenaren egunean aitatu zanez, itzultzaile automatikoa laguntza-tresna da, behar bezela erabili behar da, hasieran akatsak emon leikez, baina erabili ahala, akats horreek zuzentzen joango dira eta bere kalidadea gero eta handiagoa izango da. Itzultzaile automatikoa ondo erabilten ikasi behar da, hau da, jakin behar da makineari zer eskatu geinkion eta zer ez, eta zelan; hori ikasi ezkero, benetan lagungarria izango da testuak azkar itzultzeko. Era berean, ez da ahaztu behar makineak emoten dauen itzulpena beti zuzendu behar dala.

Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoa testu neutroak, erregistro formalekoak eta oso egitura finkoak eta errepikakorrak dituenak itzultzeko preparau da. Ezin da emoitza ona lortu lagunen arteko erregistroan idatzitako testuakaz edo testu informalakaz, oso modu librean idatzitakoakaz. Gainera, itzultzailea ezin da hiztegi moduan erabili, hau da, ezin dau ordezkatu hiztegi bat.

Ezaugarri horreek kontuan hartuta, badira aintzat hartu beharreko beste kontu batzuk, itzultzailea behar bezela erabilteko: itzultzeko sartzen diran gaztelaniazko testuek oso ondo idatzita egon behar dabe (ortografia- eta tipografia-akatsik barik, sintaxi egokia erabilita, laburdurarik barik), puntuazino egokia erabilita (komak, puntuak eta puntu eta komak) eta, jakina, diskursoa koherentea izan behar da.


Smartphone eta tablet

Gaztelania-euskera itzultzaile automatikoaren bidea ez da hemen amaitzen, izan be, orain, itzultzailea smartphone eta tablet-etan erabilteko preparetan dabilz.

Beste alde batetik, Itzulpen-memorien Banku Publikoa garatzen dabil Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea, eta aurreikuspenak beteten badira, urte amaiera aldera operatibo izan daiteke.

Bankuagaz, itzulpengintzeari laguntzeko tresna indartsua izango dogu eskura. Hurrengo pausua itzultzaile automatikoagaz buztartzea izango da. Holan, sisteman itzuli beharreko testu bat sartzen danean, lehenengo eta behin, itzulpen-memorietan bilatuko dau eta hor topetan dauena bertatik hartuko dau (hori giza itzulpena da) eta, topetan ez dauena itzultzaile automatikotik pasauko dau.

Horregaz batera, 2013aren erdialderako euskera-gaztelania eta ingelesa-euskera itzulpen-noranzkoak gehituko jakoz itzulpen-sistemeari, gauzak ondo bidean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu