Getxoko Udal Musika Eskolako Bandeak 25 urteko ibilbidea ospatuko dau
2012-06-19 14:37 MusikeaBihar, bagilak 20, eguaztena, Andrés Isasi Musika Eskolako bandeak bere 25. urteurrena ospatuko dau Nazinoarteko Musika Egunean. Bi ospakizun horreek buztartuz, kontzertua eskainiko dau taldeak Algortako Bihotz Alai plazan, 19:00etatik aurrera.
Bihar, bagilak 20, eguaztena, Andrés Isasi Musika Eskolako bandeak bere 25. urteurrena ospatuko dau Nazinoarteko Musika Egunean. Bi ospakizun horreek buztartuz, kontzertua eskainiko dau taldeak Algortako Bihotz Alai plazan, 19:00etatik aurrera eta AEBetako artista handien piezakaz osotutako programea interpretauko dau. Egitarau horren bidez AEBetako historian zehar eroan nahi dau publikoa, izan be, hautatutako pieza guztiak oihartzun handikoak izan ziran sasoi batean.
Saioaren lehenengo zatian, John Philip Sousaren Washington Post martxa ezagunaren ostean, James Barnesen Appalachian Overture klasikoa eta, amaitzeko, zine amerikarraren historiako funtsezko pieza bat, Leonard Bernsteinen West Side Story, joko dau taldeak.
Bigarren zatia zinearen beste klasiko batek zabalduko, John Barryren Dances With Wolves izenburukoak, hain zuzen be. Jarraian Frank Sinatraren abesti arrakastatsuenen medley bat eskainiko dau bandeak eta, azkenik, Glen Miller tronpeta-jole ospetsuak zuzendutako orkestra mitikoaren pieza ospetsuenen moldaketeagaz amaituko da kontzertua.
Getxoko Udal Musika Eskolako Bandea
Alfontso Vila zuzendariak gidatuta, Andrés Isasi Musika Eskolako Bandeak 45 instrumentista gazte batzen ditu, eta taldean instrumentua praktikatuz, musika ikasketak osotzen joatea da helburua.
Taldearen jarduerak musikarako belarria, taldearen sonoridadea, alkarrizketa musikalaren zentzuna, zehaztasuna eta alkar-ulertze musikala garatzea bultzatzen dau, eta edozein musikarirentzat hain beharrezkoak diran diziplina ohiturak ezartzen ditu. Horrek guztiak adierazkortasuna eta hunkiberatasuna lantzen laguntzen deutse musika eskolako ikasleei, eta bandearentzako musika errepertorioaren ezagutzan pausu garrantzitsua izateagaz batera, aukera ona da musika mota horren historiaren aro desbardinak ezagutzeko be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!