Estilo aniztasuna da aurtengo ezaugarria, Aste Nagusiko bertoko Pop-rock erakustaldian
2012-06-07 15:09 MusikeaBizkaiko taldeentzako pop-rock erakustaldirako hamasei talde aukeratu ditue eta binaka joko dabe Aste Nagusiko arratsaldeetan. Aukeraketa prozesura 83 talde aurkeztu dira, beraz aurreko bost urteetako kopuruak gainditu ditue.
Bilboko Udalak gaur aurkeztu ditu jaietan Bilborocken joko daben hamasei taldeak. Pop-rock klasikoagaz batera, aurten, musika elektronikoak eta metalak be lekua izango dabe. Izan be, oraingoan, aurreko edizinoetan baino talde gehiago eta estilo gehiagotakoak aurkeztu dira. Antolatzaileen ustez, horrek esan nahi dau, erakustaldia gero eta zabalagoa eta eklektikoagoa dala.
Bizkaiko taldeentzako pop-rock erakustaldirako hamasei talde aukeratu ditue eta binaka joko dabe Aste Nagusiko arratsaldeetan. Aukeraketa prozesura 83 talde aurkeztu dira, beraz aurreko bost urteetako kopuruak gainditu ditue. Aurten ahalegin berezia egin dogu taldeak erakarteko, musika-eskoletara, euren lokaletara eta abar joan gara, adierazo dau Luis Solo erakustaldiko koordinatzaileak, ia atez ate joan garela esan leiteke, parte hartze handia eta danetarikoa topetako.
Aukeratutako hamasei taldeen artean danetarikoa topau dogu, baina Itziar Urtasun Bilboko Udaleko jaietako zinegotziak datu batzuk emon ditu: ingelesezko kanta gehiago daukaguz, horrek esan nahi dau, euskerazkoak aurreko urteetan baino gitxiago entzungo dirala; bestetik, gero eta emakume gehiago aurkezten dirala ikusi dogu. Estiloei jagokenez, aurten aniztasuna da ezaugarri nagusia, lehenegoz, pop-rock elektronikoari lekua egin behar izan deutsagu. Aukeraketara dozena bat talde elektroniko aurkeztu dira eta bik joko dabe erakusketan. Metalak be gora egin dau eta presentzia izango dau Bilborocken.
Abuztuaren 18an, zapatuan, B-Flat eta Dr Maha´s Miracle Tonic taldeek zabalduko dabe aurtengo egitaraua, Swing eta Rhytm&Blues doinuakaz. Biharamunean, 19an, Pop elektronikoaren txandea izango da, Planeta Leta eta Dr Skyloop-egaz. Astelehenean, hilak 20, Punk-rockak hartuko dau eszenatokia, Penadas por la ley eta Shinova taldeen eskutik. Martitzenean, abuztuak 21, Yo Naufrago eta Mobydick egongo dira, indie eta folk doinuakaz. Pop-rock klasikoagoa eguaztenean entzun ahal izango dogu, Rubia eta Those Radio-gaz eta 23an, eguena, Metalaren ordua izango da, The Descent eta Nodrama taldeakaz. Barikuan, rocka egiten daben Arana eta Arde Asia entzungo doguz eta amaitzeko, zapatuan, hilak 25, Res eta Waldheim-ek heavy metala eskeiniko dabe.
Kontzertu guztiak iluntzeko 20:00retan izango dira, Bilborock aretoan. Bertoko taldeek euren lekua merezidu dabe Aste Nagusian eta Bilborocken baldintza bikainetan joteko aukerea izango dabe, azpimarratu dau Urtasunek, soinu parebakoa eta aterpea eskaintzen ditu aretoak. Erakustaldiaren helburu nagusia Bizkaiko taldeei lekua egitea da, Aste Nagusian nazinoarteko talderik entzutetsuenak ekarten doguz, baina bertokoak gogoan izan nahi doguz ekimen honegaz, azaldu dau Luis Solo koordinatzaileak. Itziar Urtasun zinegotziak ganeratu dauenez, bertoko musika panoramearen erakusgarri izateko jaio zan jaialdia eta aurten asmo hori beteko dogula begitantzen jat. Erakustaldiko kontzertu guztiak doban izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!