Jon Arretxek '19 kamera' nobela baltza aurkeztu dau

Bizkaie! 2012-05-29 15:11   Kulturea

Jon Arretxe idazle basauritarrak 19 kamera nobela baltza argitaratu dau Erein etxeagaz. Toure, Burkina Fasotik etorritako gizona, da protagonistea. Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da. Igarlea da, edo behintzat holan ataraten dau bizimodua. Apurka-apurka igarle baino detektibe lana egiten hasiko da...

Jon Arretxe idazle basauritarrak 19 kamera nobela baltza argitaratu dau Erein etxeagaz. Toure, Burkina Fasotik etorritako gizona, da protagonistea. Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da. Igarlea da, edo behintzat holan ataraten dau bizimodua. Apurka-apurka igarle baino detektibe lana egiten hasiko da. Euskeraz eta gaztelaniaz kaleratu dau liburua, aldi berean. Sail bateko lehenengo liburua da 19 kamera.

Aurreko lanen aldean, 19 kamera-n umorea jorratu dau Arretxek, oraingoan gordintasun gitxiago topauko dau irakurleak. Toure bera da nobelearen ardatz nagusia, berari eta inguruan pasetan diranak azaltzen dira. Eleberria idazteko, idazlea San Frantzisko auzoan bizi izan da tarte batzuetan. Handik hartuko ditu, eguneroko errealidadetik, liburuko hainbat pasarte.

San Frantziskon orain urte batzuk ipinitako 19 kamerek badaukie zeresena nobelan. Izan be, Toure bera narratzaile nagusia dan arren, bada beste bat, kamera horreen atzean dagoan personea, ikusitakoa hirugarren personan azaltzen.

Cristina Fernandezek itzuli dau liburua gaztelaniara, eta berak egin dau azala be.

Jon Arretxek (Basauri, 1963) hogei bat liburu idatzi ditu, tartean bidaia-narrazinoak (7 kolore, Tubabu, Oroituz…), umorezko istorioak (Ostegunak, Ostiralak...), bildurrezkoak (Sustrai beltzak…) eta nobela baltzak (Vivace, Fatum, Xahmaran, Tangerko ametsak). Bagilaren 1ean, Bilboko Liburu Azokan 19 Kamera nobelea sinatzen egongo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu