Gueñesko Udalak Internet bidez herritarren partaidetzea sustatzeko proiektua aurkeztuko dau eCitizen europar topaketan

Bizkaie! 2012-05-23 12:36

Gueñesko Udalak, Eudelen babesagaz, e-partaidetzako proiektua aurkeztuko dau eCitizen europar topaketan, maiatzaren 28tik 31ra bitartean Kerryn (Irlanda) egingo dan bilkuran. Europa mailako trukerako foro horretako kide aktiboa da Eudel, eta Gueñesko Udalaren www.guenes.info webgune barria aukeratu dau e-partaidetzearen arloko jardunbide egokien eredu legez.

Gueñesko Udalak, Eudel-en babesagaz, e-partaidetzako proiektua aurkeztuko dau eCitizen europar topaketan, maiatzaren 28tik 31ra bitartean Kerryn (Irlanda) egingo dan bilkuran. Europa mailako trukerako foro horretako kide aktiboa da Euskadiko Udalen Alkartea, eta Gueñesko Udalaren www.guenes.info webgune barria aukeratu dau e-partaidetzearen arloko jardunbide egokien eredu legez. Holan, Kerryn izango da Bizkaiko udalerri horretako ordezkaritza bat, Herritarrakazko Harremanetarako zinegotzi Martín Pérez-Garmendia buru dauela.

Gueñesko proiektuaren giltzarria udal informazino guztia batuko dauen webgunea da, eta Internet bidez herritarren partaidetzea sustatzeko asmoz sortu eben; www.guenes.info, 2011. urte amaieran jarri eben abian, eta udalerriko informazino adierazgarri guztiaren biltegi dinamiko lez funtzionetan dau ordutik. Webgune barriaren indargune nagusiak ondokoak dira: eretxi atala, foroa eta herritarren partaidetzea inkesten bidez eta inkestei erantzuten deutseen herritarrentzako zozketen bidez sustatzea. Gainera, punta-puntako tresnea da, partaidetzeari loturiko alderdi guztiei jagokenez, besteak beste, gizarte sareak, web 2.0, multimedia, etab.

Webgunea partaidetzeari begira antolatuta dago, eta aktiboa da; era berean, ezaugarri horreei indar berezia emoten deutsee proposamenak batzeko atalek eta matxura, gorabehera eta kalteen barri emoteko postontziak, arazo horreek bizkorrago eta hobeto konpontzeko helburuz sortuak. Bestalde, atariaren bidez, herritarrek udal proiektuak ezagutu leikiez, inkestei erantzun leikiee, eta baita foroan parte hartu be.

Webgune barriak ekarritako hobekuntzea aitagarria da, era berean, udaleko enplegu eskaintzen gunea. Zerbitzu horregaz, udalerriko lan-poltsetara sartzeko bidea erraztu nahi jake ahalik eta herritar gehienei.


eCitizen europar foroa

eCitizen foroaren asmoa da administrazino elektronikoaren arloko eta herritarren eta administrazino publikoen alkarreraginaren arloko esperientzia eta jardunbide egokien trukea bideratzea, Europan.

Foroa 2012ko zezeilean hasi zan lanean, eta 2012aren amaieran amaituko dau bere jarduna; bitarte horretan, askotariko kideak batuko ditu, Eudelen moduko udalerri alkarteak; uriak, adibidez, Tampere (Finlandia), Tartu (Estonia) eta Patras (Grezia); udalerriak, esaterako, Odense (Danimarka), Bolonia (Italia) eta Miskolc (Hungaria); eta hainbat eskualde eta konterri, Flevoland (Holanda), Kerry (Irlanda) eta Vysocina (Txekiar Errepublika), besteak beste.

Herritarrek tokiko erabagietan parte har deien sustatu nahi dau foroak, baita administrazino arloko teknologia barrien garapenean lagundu be. Esangura horretan, erakunde parte-hartzaileen arteko zuzeneko lankidetzea hobetzeko topagunea da eCitizen, alkarregazko ikaskuntzan, esperientzien trukean eta e-gobernurako eta e-partaidetzarako tresnen eta ezagutzen transferentzian oinarritua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu