Jazz doinuak nagusi garagarrilean, Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldietan

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-05-21 15:41   Musikea

Aurton be, makina bat aukera eukiko doguz garagarrilean jazz musikeagaz gozetako; aukeran, Getxo, Gasteiz eta Donostiako eszenatokiak. Bertoko eta kanpoko musikariek jazzaren kolore eta doinu aniztasuna aurkeztuko dabe Getxon lehenengo, garagarrilaren 1etik 8ra; Gasteizen, ostean, 16tik 21era; eta, Donostian, 19tik 23ra.

Aurton be, makina bat aukera eukiko doguz garagarrilean jazz musikeagaz gozetako; aukeran, Getxo, Gasteiz eta Donostiako eszenatokiak. Bertoko eta kanpoko musikariek jazzaren kolore eta doinu aniztasuna aurkeztuko dabe Getxon lehenengo, garagarrilaren 1etik 8ra; Gasteizen, ostean, 16tik 21era; eta, Donostian, 19tik 23ra.

Bilbon aurkeztu ditue hiru jazzaldiak, eta bertan izan dira Getxoko jaialdiko buru Iñaki Saitua, Gasteizeko Iñaki Añua, Donostiako Miguel Martín, eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria.

Getxoko 36. Jazzaldiko kontzertu nagusiak Bihotz Alai plazan egingo ditue, 21:00etan. Larry Carlton, Chian Moses, Wayne Shorter Quartet, Mike Stern & Richard Bona Band eta Eliane Elias Trio taldeak nabarmendu ditu Iñaki Saitua jazzaldiko zuzendariak. Aniztasuna, kalidadea eta gazteen lana bultzatzea dira gure asmo nagusiak, adierazo dau. Danetara, 15 herrialdeko 60 taldek joko dabe Getxon. Talde lehiaketan lau proposamen entzuteko aukerea eukiko dogu: Miroslaw Hloubal Quartet, Piotr Pawlak Jazztet, Tobias Meinhart Quintet eta Szwevc & Wendt Quintet. Igaz lez, Jam Sessions-ak egingo ditue, Algortako The Piper´s pubean, Jon Urrutia Quarteten eskutik.

Gasteizen be jazzaldiak 36 urte beteko ditu. Egitarau betea atondu dabe; 88 kontzertu izango dira, horreetatik 74 doban, Iñaki Añua zuzendariak prentsaurrekoan azpimarratu dauanez. Sweet Honey in the Rock bost emakumez osotutako gospel taldeak edegiko dau jaialdia. Joe Lovano, Dave Douglas eta Stefano Bollani saxo-jotzaileek joko dabe Gasteizen, munduko hiru saxo-jotzaile onenak, Añuaren esanetan. Kontzertuok Mendizorrotzan egingo ditue, XXI. Mendeko Jazz ziklokoak, barriz, Principalen. Antzokian, besteak beste, Gorka Benitez Duo, Tigran Hamasyan, Phronesis, Ambrose Akinmmusire Quintet eta Ibrahim Maalouf izango dira.

Donostiako 47. Heineken Jazzaldia garagarrilaren 19an abiatuko da. Uria eta musikea buztartuta, produktu oso erakargarria dala uste dau Miguel Martin zuzendariak. Uria eta musikeagaz, biekaz, gozetako proposamena egin dau Martinek. Aurten, inozkorik euskal talde gehien egongo dira, 34 banda, hain zuzen be. Bobby Mcferrin, Madelaine Peyroux, Antony & The Johnsons, Monty Alexander, Kenny Barron eta Sharon Jones musikari ezagunak izango dira Donostian. Estilo askotako talde ugari egongo da: Alabama Shakes, Dorantes, Peter Evans, Marc Ribot and Cubanos Postizos eta abar. Ganera, garagarrilaren 2an, jai berezia egingo dabe Victoria Eugenian, antzokiaren 100. urteurrena ospatzeko.

Isabel Muela Turismo zuzendariak kultur-turismoaren garrantzia nabarmendu dau prentsaurrekoan, hori da-eta diru gehien ixten dauena EAEn. Bizipenetan oinarritutako turismoa bultzatu gura dogu, lekuak, jentea, kulturea ezagutarazotea. Turismo kulturalak egiten dau gasturik handiena, hori da gure helburua, azaldu dau Muelak. 2011n, hiru jazzaldien sasoian, 264.000 turista hurreratu ziran, aurreko urteetan baino gehiago; 2010ean, 241.165 izan ziran.

Jazzaldien ganeko informazino guztia:

- www.getxo.net
- www.jazzvitoria.com
- www.heinekenjazzaldia.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu