Benito Lertxundik hamar kantako 'Oroimenaren oraina' diskoa kaleratu dau

Bizkaie! 2012-05-11 12:18   Musikea

Benito Lertxundik Oroimenaren oraina kaleratu barri dau Elkar etxeagaz, bere ibilbideko hamazazpigarrena, hain zuzen be. Laster hasiko da jentaurrean aurkezten, maiatzaren 18an, 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian abestuko dau

Benito Lertxundik Oroimenaren oraina kaleratu barri dau Elkar etxeagaz, bere ibilbideko hamazazpigarrena, hain zuzen be. Hamar kanta batu ditu Orioko kantariak. Sortze-lan zaindua, sakona eta sentsuala atondu dau Lertxundik, diskoetxeko iturriek nabarmendu dabenez.

Abestien hitzak Fernando Pessoa, Jon Maia, Jose Ramon Uriarte, Olatz Zugasti, Kirmen Uribe, Pako Aristi eta Lertxundirena berarenak dira. Leonard Cohen kanadiar abeslariaren eragina autortu dau Lertxundik, kanten egituretan eta emakumezkoen koroetan, berbarako. Abestietan maitasuna eta gizakiaren existentzia ditu berbagai, baina itsas giroa eta Orioko itsasadarra bere bai.

Laster hasiko da Oroimenaren oraina jentaurrean aurkezten; maiatzaren 18an, 21:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian abestuko dau; 19an, 20:00etan, Donostiako Kursaal Auditorioan; eta, bagilaren 6an, Iruñeko Baluarte Auditorioan.

Benito Lertxundi Orion jaio zan 1942an. 1965ean, kantu-sariketa bat irabazi ostean, jentaurrean kanteteari ekin eutson. Ez dok amairu taldeko kidea izan zan, 1968tik aurrera eten barik jardun dau kantagintzan. Diskografia zabala dauka: Ez dok Amairu (1971), Oro laño mee batek (1974), Eta maita herria ükan dezadan plazera (1975), Zuberoa (1977), Altabizkar (1981), Gaueko ele ixilen balada (1985); Mauleko bidean (1987); Pazko gaierdi ondua (1989); Hunkidura kuttunak I (1992), Hunkidura kuttunak II (1993), Hitaz oroit (1996); Auhen sinfonikoa (1998); Nere ekialdean (2002); 40 urtez ikasten egonak. Zuzenean (2005), Itsas ulu zolia (2008) eta Oroimenaren oraina (2012).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu