Euskadi herrialde konbidatua izango da Música Antiga dels Pirineus jaialdian
2012-05-09 18:02 MusikeaGaragarrilean eta abuztuan izango dan Musica Antiga dels Pirineus jaialdian bi euskal talde izango dira: Ensemble Diatessaron eta Intonationes eta danetara sei kontzertu eskainiko ditue. Euskal musikagileen lanak, besteak beste, aurtengo jaialdiaren zabaltze-kontzertuan entzungo dira.
Etxepare Euskal Institutuak eta Música Antiga dels Pirineus Jaialdia Alkarteak hitzarmena sinatuko dabe bariku honetan, maiatzaren 11n, Bilbon, euskal musika-ondarea iraunarazoteko eta zabaltzeko helburuagaz. Akordioak, aurtengo jaialdian Euskadi herrialde konbidatua izatea ahalbidetuko dau.
Holan, garagarrilean eta abuztuan izango dan Musica Antiga dels Pirineus jaialdian bi euskal talde izango dira: Ensemble Diatessaron eta Intonationes eta danetara sei kontzertu eskainiko ditue. Euskal musikagileen lanak, besteak beste, aurtengo jaialdiaren zabaltze-kontzertuan entzungo dira.
Ensemble Diatessaron taldeak Juan de Anchieta XV. mendeko eta XVI. mende hasierako polifonia sortzaile handiaren obrak interpretauko ditu hiru emonalditan: garagarrilaren 12an Seu d'Urgellen, jaialdiaren zabaltze-kontzertuan, eta hurrengo bi egunetan Braga eta Tremp herrietan.
Bestalde, Intonationes taldeak argien mendeko jantzarako euskal musika joko dau, Erregelak jantza historikoa jorratzen dauen tailerreko jantzariak lagun. Hiru emonaldi eskainiko ditue alkarregaz, abuztuaren 23an Seu d'Urgellen, 24an Vielhan eta 25en Bergan. Gainera, La Grande Chapellek García de Salazar XVII. mendeko musikagile onenetarikoa dan euskal egilearen obrak joko ditu abuztuaren 2an Ordinon, 3an La Pobla de Segur herrian eta 4an Seu d'Urgellen.
Datorren urterako be euskal partaidetzea bermatuko dau hitzarmenak.
Etxepare Euskal Institutuak jakinarazo dauenez, Musica Antiga dels Pirineus jaialdia Pirinioetako 14 herri desbardinetan egingo da aurten; horreetan nagusiena Seu d'Urgell herria da.
Música Antiga dels Pirineus 2012 Jaialdiko egitaraua ikusteko klik ehin hemen.
Institutuko zein jaialdiko arduradunek hitzarmena prentsaren aurrean sinatuko dabe barikuan, eta horregaz batera, alkarlanaren helburuaren eta euskal musikearen esku-hartzearen barri zehatza emongo dabe.
Ekitaldian Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Miquel Colom Associació Festival de Música Antiga dels Pirineus alkarteko lehendakariak eta Albert Batalla Seu d'Urgell-eko alkate eta Kataluniako Parlamentuko diputaduak parte hartuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!