Charles Freger argazkilariak Europako maskaradei buruz egindako lanak aurkeztuko ditu Bilboko Euskal Museoak
2012-03-13 10:55 MusikeaBilboko Euskal Museoak, Dichroma-Photographyren eskutik eta Inauteria Europako Erregea proiektuaren barruan, Charles Freger argazkilari frantsesak Europako 19tik gora herrialdetan maskaradei buruz egin dauen lana aurkeztuko dau eguaztenean, martiaren 14an. Finlandiatik hasi eta Greziara bitartean egindako argazkiok maiatzaren 20ra arte egongo dira ikusgai Bilbon.
Bilboko Euskal Museoak, Dichroma-Photographyren eskutik eta Inauteria Europako Erregea proiektuaren barruan, Charles Freger argazkilari frantsesak Europako 19tik gora herrialdetan maskaradei buruz egin dauen lana aurkeztuko dau eguaztenean, martiaren 14an. Finlandiatik hasi eta Greziara bitartean egindako argazkiok maiatzaren 20ra arte egongo dira ikusgai Bilbon. Erdizka antropologiaren esparruan, erdizka fotokazetaritzearen esparruan, Wilder Mann / Gizon basatia antzinarora eroaten gaituan artxiboa da, eta ikus daitekezan mozorroak edo jantziak (jatorrizko zirriborroak galduta dagoz) kultura tradizionalen analisia dira, Erdi Arotik hasi eta Neolitoraino.
Antropologiari buruzko ikerketa bikaina da hau: Inauteriak, neguko jaiak, ugalkortasunaren erritualak, Urte Barria, Epifania... Horreetako batzuk beste kultura batzuek egindako eskuratzeak dira, besteak ez. Gizon basatiaren gaineko mitologiaren ikerketa infinitua da.
Egileak aukeratutako 60 argazkiren bitartez, Wilder Mann basapiztiaren itxurako gizonaren ideiaz jaubetuko dira bisitariak, eta, era berean, Europako hainbat herrialdetako inauterietan izaten dauen errepresentazinoa ezagutuko dabe, museo bilbotarreko iturriek jakinarazo dabenez.
Batzuetan, protagonista nagusiak larruak izango dira; beste batzuetan adarrak edo lastoa, beti diralako naturako eta inguruko elementuak; baina pertsonaiak koloretsuak zein ilunak izan, beti dira bildurgarriak. Horretarako, adarrak, zintzarriak edo mozorroak erabilten ditue, eta modu erritmikoan mobiduten dira, batzuetan figura bakarti moduan, eta beste batzuetan taldean, animalia multzoa balira lez.
Erakusketea hainbat argazkiz dago osotuta: formatu handiko lau argazki (101 x 145 zm.), 101 x 77 zm.-ko 36 argazki, eta 37 x 47 zm.-ko 20. Argazkiak benetan ikusgarriak dira.
Charles Freger Rouenen (Frantzia) jaio zan 1975ean, eta Arte Ederretan diplomau zan Rouengo Arte Ederren Eskualdeko Eskolan. Gizarte-taldeen errepresentazino poetiko eta antropologikoan ibili izan da, eta bere lanek gazte garaikideen itxurari buruzko hausnarketea proposatzen dabe.
Piece of Cake (www.pocproject.com) sarearen eta POC argitaletxearen sortzailea da, eta bere lanak Frantzia, Suitza, Japonia, Luxenburgo eta Italiako museoetan dagoz ikusgai, bai eta Frantzia, Belgika, Finlandia, Suitza, Portugal, Holanda, Ingalaterra, Italia, Alemania, AEB, Luxenburgo eta Hungariako arte-galerietan be.
Erakuskeetaren aurkezpena eta inaugurazinoa eguaztenean izango da, 19:30ean, eta han izango dira Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Amaia Basterretxea Bilboko Euskal Museoko zuzendaria, Boris Izaguirre telebistako aurkezle, idazle, gidoigile eta artikulu-egilea eta Charles Freger lanaren egilea bera.
Erakusketearen inaugurazinoan Altsasuko Inauteriak kolektiboa be egongo da, Charles Fregerren argazki-erreportajean parte hartu eben sei pertsonaiagaz: Estandartea, Momotxorroa, Juantranposo, Maskarita, Akerra eta Sorgina. Eurekaz batera, Mececerreyesko (Burgos) inauteri ikusgarriko ordezkariak be izango dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!