Paco Ibañezek errezitaldia emongo dau Bilbon Blas de Oteroren eguna ospatzeko

Bizkaie! 2012-03-08 13:04   Musikea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Otero poeta bilbotarraren (1916-1979) jaiotzearen urteurrena ospatuko dau datorren eguenean, martiaren 15ean, Paco Ibáñez kantautore valentziarrak eskainiko dauen errezitaldi bereziagaz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Otero poeta bilbotarraren (1916-1979) jaiotzearen urteurrena ospatuko dau datorren eguenean, martiaren 15ean, Paco Ibáñez kantautore valentziarrak eskainiko dauen errezitaldi bereziagaz. Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrerak astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira (6 euro) liburutegian bertan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Beste urte batez, Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Oteroren egun instituzionala ospatuko dau, gure poeta handienetako baten bizitza eta lana gogorarazoteko ekitaldi baten bitartez. Gitarra jotzaile eta kantautore beteranoak ekitaldi honetarako beren beregi preparautako errepertorioa eskainiko dau. Abestuko dituan kantuen artean Me llamarán edo Me queda la palabra abesti ezagunak egongo dira, Oteroren poemen bersino musikatuak. Ekitaldiaren buru Sabina de la Cruz, Blas de Otero Fundazinoko presidentea eta poetearen alarguna izango da.

Paco Ibáñez (Valentzia, 1934), poeta espainiarren lanak gehien abestu dituan artistea izango da, segurutik. 1964an, Federico García Lorcaren eta Luis de Góngoraren lanez osotutako bere lehen diskoa atara eban. Idazle horreek sarritan agertu dira haren karreran. Pariseko erbestetik, Paco Ibáñez gitarra jotzaile lez be nabarmendu zan. Bigarren diskoa, 1967koa, Celayaren, Miguel Hernándezen, Quevedoren, Góngoraren eta Albertiren lanez osotuta egoan. 1969an, Paco Ibáñezek Olympiako errezitaldi ospetsua eskaini eban Parisen. Disko barri hori Albertiren A galopar eta Nocturno lanakaz hasten zan, baina Blas de Oteroren Me llamarán abestia izan zan entzule guztiakan askatasun oihuak sorrarazo zituana, ia ereserki bilakatu diran abestiakaz.

Paco Ibáñezek hamar bat disko kaleratu ditu, azkena 2008an, Andaluziako poetei eskainia, eta momentu honetan, datozen hiletan aurkeztuko dauen lan barri bat preparetan dago. Blas de Oteroren omenezko kontzertua Bidebarrieta Kulturguneak antolatu dau, Bidebarrietako Liburutegian kultureari eskainitako guneak. Gune horren helburuen artean liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu