Antony, Bobby McFerrin eta Jamaican Legends, Donostiako 47. Heineken Jazzaldian

Bizkaie! 2012-02-09 13:02   Musikea

Donostiako 47. Heineken Jazzaldian, besteak beste, Antony, Bobby McFerrin, Jamaican Legends (Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin), Yellowjackets, Ray Gelato, Marc Ribot, Ninety Miles (Stefon Harris, David Sánchez eta Nicholas Payton) eta Peter Evans lako artistak izango dira garagarrilaren 19tik 23ra bitartean.

Donostiako 47. Heineken Jazzaldian, besteak beste, Antony, Bobby McFerrin, Jamaican Legends (Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin), Yellowjackets, Ray Gelato, Marc Ribot, Ninety Miles (Stefon Harris, David Sánchez eta Nicholas Payton) eta Peter Evans lako artistak izango dira garagarrilaren 19tik 23ra bitartean.

Antonyk 2005ean I am a Bird Now diskoagaz azaldu zanetik, etenbarik harritu dau publikoa bere abesteko moduagaz eta bere konposizino ederrakaz. Bere musika intimistea tarteka jazzera eta bluesera hurreratzen da. Hasieran Laurie Andersonek, Lou Reedek eta New Yorkeko arte garaikideko puntako personek babestu eben, eta haren kolaborazinoak beti izan dira abangoardiakoak, besteak beste, Björk, Rufus Wainwright, CocoRosie eta Hercules and Love Affair. Bakarka edo The Johnsons taldeko buru, arte garaikidearen mugak zabaltzen jarraitzen dau.

Donostian eskainiko dauen emonaldia ohiz kanpokoa izango da, ondoan 40 lagun baino gehiagoko orkestra bat izango dauelako: Et Incarnatus euskal orkestrea. Babes horregaz, Antonyk Cut The World izeneko errezitaldia eskainiko dau, bere azken lau diskoetako kantuei Nico Muhlyk, Rob Moosek eta Maxim Mostonek egindako moldaketa sinfonikoakaz.

Bobby McFerrin mundu mailako jazz kantari ezagunenetakoa da. Ahotsaren akrobata eta komunikatzaile handia da eta oraindino be Trinitate Enparantzan 2001ean egin eban debut aparta gogoan dabe askok. Aurtengo kontzerturako proiektu harrigarria dakar Yellowjackets taldeagaz batera, jazz garaikideko talde iraunkor eta eraginkorrenetako bat. Holako talde baten potentziak (Bob Mintzer saxoan, Russell Ferrante teklatuetan, Jimmy Haslip baxuan eta William Kennedy baterian) eta McFerrinen ahotsaren abileziak esperientzia parebakoa ziurtatzen dabe.

Bestalde, Jamaican Legends jazz eta reggae zaleentzat hitzordu bikaina izango da. Musika jamaikarreko mitoek parte hartuko dabe bertan: Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin. Monty Alexander jazz piano-jotzaile preziatuenetako bat da, eta, besteak beste, Dizzy Gillespie, Benny Golson, Milt Jackson eta Jimmy Griffin lako lider historikoakaz egin dau lan.

Ernest Ranglin gitarra-jotzailea ska musikearen sortzaileetakotzat joten dabe eta 'scratching'-a asmau ebala esaten da, skaren oinarrian dagoan gitarrea joteko erea. Jimmy Cliff, Bob Marley eta The Skatalitesegaz jo eban.

Sly&Robbie-ri jagokonean (Sly Dunbar baterian eta Robbie Shakespeare baxuan), reggaearen garapenean izan dauen eragina oso handia da eta adituek gailurrean kokatzen dabe Bob Marley, Jimmy Cliff eta Peter Toshegaz batera. Era berean rockaren munduan be euren arrastoa itxi dabe The Rolling Stones, Bob Dylan, Sting, Carlos Santana eta beste askoren diskoetan parte hartuz.

Bestalde, egungo gitarra-jotzaile sortzaileenetako bat dala dinoe Marc Ribot. Bere proiekturik ezagunenetakoa Los Cubanos Postizos da, son kubatarrari egiten deutson omenaldian. Ribotek lankide izan dituan musikarien zerrendeari erreparauta, argi ikusten da barritzailea den guztiagazko zaletasuna: John Lurie eta Lounge Lizards, Tom Waits, Elvis Costello, Sun Ra, John Zorn, The Jazz Passengers, Laurie Anderson, Arto Lindsay, Caetano Veloso, Allen Ginsberg eta abar. 2008an Heineken Jazzaldira itzuli zan Ceramic Dog hirukoaren buru.

Era berean, gitxitan ikus daiteke Ninety Miles taldean dagoan talentu gazteen metaketea, Kubako eta AEBetako musiken arteko buztarketea dakarrena

Peter Evans tronpeta-jotzailea igaz egin zan ezagun Heineken Jazzaldiko publikoarentzat, kritika onenak jaso zituen bi kontzertuetan parte-hartu ebanean: inprobisazino hutsean Agusti Fernandezegaz eskaini ebana, eta Mostly Other People Do the Killing taldearen barruan emondakoa, egungo jazzeko talde barritzaileenetakoa. Evansek ibilbide emonkorra izan dau, hasi inprobisazino libretik eta free jazzetik, eta bebop lako generoetara. Esparru horreetan erraz mobiduten da eta trebetasun handiz interpretetan ditu Bach, Xenakis edo Louis Armstrong.

Azkenik, garagarrilaren 20an, Victoria Eugenia Antzokiaren mendeurrena ospatuko da, eta Heineken Jazzaldiak bat egingo dau ospakizunakaz Jazzaren Gaua antolatuz. Ateak parez pare zabalduko ditu antzokiak, sarrerea librea izango da eta kontzertuak egongo dira antzokiko txoko guztietan. Holan publikoak musika ona entzuteaz gan, eraikinaren bazter guztiak ezagutzeko aukerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu