Boterori buruzko erakusketa handiena izango da Bilbon aurten
2012-02-07 11:45 KultureaBoterorenagaz batera, Anselmo Guinea eta Francisco Goya artistei buruzko erakusketak iragarri dira, eta 2013. urterako Nestor Basterretxea, Francisco Durrio eta Dario de Regoyos artistei buruzko atzera begirakoak eskainiko ditu museo bilbotarrak.
Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren presidente Iñaki Azkunak eta BBK Fundazinoaren presidente Mario Fernandezek BBK/Museoa egitarauaren jarraipena bermatzen dauen hitzarmena sinatu dabe bart Bilbon, hau da, museoan erakunde pribatu batek bultzatzen dauen egitarau handienarena. Lankidetza hiru urtetan zehar emongo dan 2,54 miloe euroko laguntzan oinarrituko da eta erakusketa-egitarau garrantzitsuagaz jarraitzeko baliabideak ipiniko ditu, besteak beste, Fernando Boterori buruzko erakusketa handiena Bilbora ekarriz.
Holan, aurten, Boterorenagaz batera, Anselmo Guinea eta Francisco Goya artistei buruzko erakusketak iragarri dira, eta 2013. urterako Nestor Basterretxea, Francisco Durrio eta Dario de Regoyos artistei buruzko atzera begirakoak eskainiko ditu museo bilbotarrak. Horrezaz gan, hitzarmen honi esker erakusketen jarduerea osotzen daben beste hainbat ekintza egiten jarraitu ahal izango da.
Iñaki Azkuna esan dauenez, bizi dogun garaian, barrikuntzea eta teknologia barriak garantzitsuak dira, baina daukaguna jagotea be bai, aldi honetan, Bilboko Arte Eder Museoaren jarduerea. Museoa artea da, tradizinoa eta modernidadea, eta horri eusteko ezinbestekoa da finantza-laguntzinoa. Horretan ekarpen garrantzitsua egin dau BBK-k.
Mario Fernandezek, bere aldetik, ziurtatu dau hitzarmen honen bitartez Bilbon eta Bizkaian existiduten dan kultura eta aisialdi eskaintza zabalduko dala; gure helburua da ahalegin honek eragin ekonomiko positiboa izatea gure sare ekonomikoaren motor nagusienetakoa dan turismoan bitartez, gaineratu dau.
BBK Fundazinoaren eta Bilboko Arte Eder Museoaren lankidetzea 1970eko hamarkadatik dator (Bizkaiko Aurrezki Kutxaren bitartez) eta erakunde biek 2001ean sinatu eben lehen alkarlan-hitzarmena. 1994an inaugurau ziran birmoldaketa lanen ondoren, museoko erakusketa-areto batek BBKren izena dauka, eta finantza-erakundea Fundazinoko ohorezko Patroia be bada.
Azken urtean, BBK-k hainbat erakusketa eta jarduera paralelo babestu ditu, eta horreetan guztietan 223.000 lagunetik gora izan dira bisitari. Ikusle kopuruari jagokonez, jarduera azpimarragarriena Antonio Lopez margolariaren erakusketea izan da, 210.000 bisitarigaz.
Orain sinatutako akordioak aurreikusten dauenez, museoko BBK aretoak gitxienez bi erakusketa jasoko ditu urtero, gitxienez hiru hilebeteko iraupena izango dabenak. Akordioaren bidez, gainera, ibilbide didaktikoak egiten jarraituko da, eskolarteko umeentzat, helduentzat, adinekoentzat, famila eta gazteentzat erakusketak ulertzeko oso baliagarriak baitira.
Horrezaz gan, BBK Fundazinoak eta Arte Eder Museoak konpromisoa hartu dabe BBK Ikerketa Bekak deitzen jarraitzeko, artisten, obren eta bildumen gaineko ikerketa eta azterketak egin daitezan, bai eta hitzaldi zikloak be, Prado Museoko Lagunen eskutik, eta BBK-ko bezeroei berenberegi eskainitako jarduerak be egingo dira. Museoak, azkenik, BBKren esku itxiko dau bere arte-lan bildumea, museotik kanpo aldi baterako erakusketak egin daizan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!