Ivan Smagghe, Nacho Canut eta OjosPintados izango dira Guggenheim Bilbao Museoko 'Art After Dark' hurrengo saioan
2012-01-24 10:42 MusikeaIvan Smagghe Parisko giroko DJen arteko DJa izango da zezeilaren 10eko Art After Dark saioaren izarra Guggenheim Bilbao Museoan. Nacho Canut eta OjosPintados be bertan izango dira, musika elektronikoa, diskoa eta popa jarteko, museoko iturriek jakinarazo dabenez.
Ivan Smagghe Parisko giroko DJen arteko DJa izango da zezeilaren 10eko Art After Dark saioaren izarra Guggenheim Bilbao Museoan. Nacho Canut eta OjosPintados be bertan izango dira, musika elektronikoa, diskoa eta popa jarteko, museoko iturriek jakinarazo dabenez.
Ivan Smagghek musika elektronikoaren underground giroko proposamen ausart eta barritzaileenak ekarriko ditu Bilbora. DJen DJa esaten deutsie kazetariek, izan be, ibilbidea badauka: Parisko Rough Trade diskoetxe independentearen dendan hasi zan musikeagaz hartu-emonetan, gerora Black Strobe bikotea osotu eban Arnaud Rebotini-gaz batera eta horrek modako bikote bihurtu zituan Frantzian, disko musikea eta musika elektronikoa oso modu emonkorrean buztartu ebelako. Guggenheim Bilbao Museoko Art After Dark saioan bakarkako bere azken lanak aurkeztuko ditu.
Nacho Canut be saioan izango da, Smagghe-ren aurretik, 23:00etatik aurrera. DJ moduan dator, Jet 7 ezizenagaz. Abesti guztiz arrakastatsuen egilea da, besteak beste, Mi novio es un zombie eta Ni tú ni nadie eta Espainiako poparen historian talde enblematikoetako kide izan da, esaterako, Kaka de Luxe, Alaska y Los Pegamoides eta Alaska y Dinarama. Gaur egun, Fangoria taldean bideratzen dau haren sormena Alaskagaz batera.
Gauari hasiera emongo deutso OjosPintados DJak, 22:00etan. Bilboko Pink Fever aretoan DJ egoiliarra da eta Guggenheim Bilbao Museoan saio dibertigarria eskainiko dau: jantzarako ezohiko popa nahastauko dau askotariko doinuakaz.
DJen saioez gan, honako erakusketa honeek ikusteko aukerea izango dabe 22:00etatik 1:00etara museora bertaratzen diranek: Ispilua alderantziz: la Caixa Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea, Brancusi-Serra eta Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II.
Ohikoa dan legez, Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatu dau museoak Art After Dark saioa, eta hurreratzen diranei sarrerearen truke Fever kluberako txartel bat emongo deutsie doban, gau horretan bertan 00:00tik aurrera erabil deien. Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat) 12 euro balio dau publiko orokorrarentzat eta 8 euro Museoaren Lagunentzat. Ikusle kopuru mugatua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!