Donostiako 47. Heineken Jazzaldian joko daben tokiko taldeak hautatzeko kontzertuak gaur hasiko dira

Bizkaie! 2012-01-12 14:27   Musikea

Donostiako 47. Heineken Jazzaldian joko daben tokiko taldeak aukeratzeko hautaketa prozesua aurrera doa, eta gaur hasiko da behin betiko zerrendea osotzeko baliogarriak diran jentaurreko kontzertuak, Kike Mora Quartet taldearen saioagaz.

Donostiako 47. Heineken Jazzaldian joko daben tokiko taldeak aukeratzeko hautaketa prozesua aurrera doa, eta gaur hasiko da behin betiko zerrendea osotzeko baliogarriak diran jentaurreko kontzertuak, Kike Mora Quartet taldearen saioagaz. Jaialdia garagarrilaren 19tik 23ra izango da aurten, antolatzaileek gogoratu dabenez.

Danetara, 37 proposamen aurkeztu dira aurten, eta bialdu dituen grabazinoetan oinarrituta, Antolakuntza Batzordeak 15 talde hautatu ditu. Kontzertuak urtarrila eta apirila bitartean izango dira Donostian. Zuzeneko emonaldi horreen ondoren, Batzordeak, kalidade artistikoa eta publikoaren erreakzinoa baloratuz, hamar talde aukeratuko ditu eta horreek sartuko dira 47. Heineken Jazzaldiko programazinoan.

Kontzertuak Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Club Aretoan izango dira doban (Club Aretoaren kasuan gonbidapenak jaso beharko dira Victoria Eugeniako leihatilan), eta joko daben taldeak ondokoak izango dira: Kike Mora Quartet, Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolako Big Band, Jonathan Hurtado, Javier Lopez Jaso-Marcelo Escrich Quartet, North Atlantic Jazz Connection, Alcala Quintet, Miguel Salvador Quartet, Gabacho Connection, La Prima Janis, De 2 en Blues Band, DB Trio, 2 + 2 = 5, Lakuntza Brothers Sexteto, Tana Santana Project eta Ornetillos.

Bestalde, 2011n CDa argitaratu eben tokiko jazz taldeek be 47. Heineken Jazzaldian joteko aukerea izango dabe. Antolakuntza Batzordeak bost talde hautatuko ditu aurkezten dituen diskoen kalidadearen eta interesaren arabera, eta Jazzaldiko programazinoan sartuko ditu. Igaz diskoa argitaratu eta 47. Heineken Jazzaldian parte hartzeko interesa daben jazz taldeek diskoa jaialdiko bulegora bialdu beharko dabe ahalik eta azkarren (Erregina Erregentea 8, 20003 Donostia).

Deialdi hau ez da bateraezina dagoeneko martxan dagoan tokiko hamar talde aukeratzeko prozesuagaz. Prozesu horretara aurkeztu dan edozein taldek dau aukerea deialdi honetara be aurkezteko, baldin eta 2011n diskoa atara dauela frogatzen badau.

Heineken Jazzaldiak tokiko jazz taldeen proposamenak publiko zabalarengana heltzeko egiten dauen beste ekimenetako bat da hau. Abian dagoan Tokiko Taldeen Hautaketeari deialdi barri hau gehituta, tokiko 15 jazz taldek hartuko dabe parte, jaialdiko behin betiko programan egongo diran musikari internazionalakaz batera.

Azken urteetan asko hazi da bertako jazz talde egonkorren kopurua, baita editautako disko kopurua be, eta errealidade horri begira, Heineken Jazzaldiak bide parte-hartzaile barri hau edegi deutse tokiko taldeei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu