Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Kepa Junkera, alkarregaz KlasikAT kontzertu-zikloan
2011-12-26 13:48 MusikeaEuskadiko Orkestra Sinfonikoak KlasikAT ekimenaren kontzertu-ziklo barri atondu dau 2012ko martirako. Danetara, bost emonaldi izango dira, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. EOSek Kepa Junkera trikitilaria izango dau lagun kontzertuotan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak KlasikAT ekimenaren kontzertu-ziklo barri atondu dau 2012ko martirako. Danetara, bost emonaldi izango dira, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. EOSek Kepa Junkera trikitilaria izango dau lagun kontzertuotan.
KlasikAT egitasmoaren helburua EOSek bere musikea danetariko publikoari zabaltzea da; musika klasikotik urrun dagozan eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan bitxiak diran errepertorioak landuz. Modu horretan, orkestreak euren estiloetan nabarmenak diran artista ospetsuekaz bat egiten dau, emonaldi bereziak atontzeko.
Igaz, Michel Camilo piano-jotzailearen latindar jazza eta Swing Gauak izan ziran protagonistak; aurten, barriz, EOSek eta Kepa Junkerak trikitilariaren erritmo ezagunenetan zehar ibilbide sinfonikoa egingo dabe alkarregaz. Aurrekoan lez, Orkestreak Enrique Ugarteren esku itxi dau KlasikAT-en zuzendaritzea.
Bost kontzertu izango dira martian: 21ean, Iruñeko Baluarten; 22an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian; 23an eta 24an Bilboko Arriaga Antzokian; eta amaitzeko, 28an, Gasteizko Principal Antzokian. Daborduko sarrerak salgai dagoz, 15 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!