Esperimentazinotik abiatutako 'Mara-mara' diskoa aurkeztu dabe Igor Arzuagak eta Luis Vilek
2011-11-29 14:19 MusikeaEstudioan sartu barik laborategian sartu dira Igor Arzuaga eta Luis Vil musikariak Mara-mara (Gaztelupeko hotsak) sortzeko. Abestiak Arzuagak berak sortu ditu, baina Vilek egin ditu moldaketa guztiak. Bilbon egin dabe aurkezpen-prentsaurrekoa, eta laster eskainiko dabe jentaurrean, Durangoko Azokan, hain zuzen be, Ahotsenean, abenduaren 4an.
Estudioan sartu barik laborategian sartu dira Igor Arzuaga eta Luis Vil musikariak Mara-mara (Gaztelupeko hotsak) sortzeko. Abestiak Arzuagak berak sortu ditu, baina Vilek egin ditu moldaketa guztiak. Bilbon egin dabe aurkezpen-prentsaurrekoa, eta laster eskainiko dabe jentaurrean, Durangoko Azokan, hain zuzen be, Ahotsenean, abenduaren 4an.
Hamabi kanta ditu diskoak, eta maitasuna, naturea, gizartea eta bizitzea ditu kantagai, Arzuagak azaldu dabenez. Abestiak pianoagaz sortu ostean, Vileri bialtzen izan deutsoz mp3 formatuan, posta elektronikoz. Luisek bere moldaketak egin ostean bueltan bialtzen eustazanean, ez nituan ezagutzen, segundu nahikotxu behar nituan zein zan konturatzeko. Polita izan da, eta asko harritu nau, nabarmendu dau Laudioko musikariak. Soinuari jagokonez, kantak bakotxa bere aldetik jorratu dabe, ez dago estilo jakin bat disko osoan, ez gara ibili estilo bat topau nahian, bakotxak bere nortasuna dauka, zehaztu dau Arzuagak.
Abestiak soinu eta estiloan bideratzea izan da Vilen lana: Igor musika klasikotik dator, eta ni ahalegindu naz mundu horretatik urruntzen. Dakiena baino gitxiagoa jotea eskatu deutsat, sinpleago. Amurrioko musikariak azpimarratu dauenez, perkusino berezia erabili dabe, berbarako, koilarak, ateen danbatekoak, pintura ontziak, edo indaba eta untzeak potoatan sartuta eta abar. Laborategi antzeko bat izan da. Soinu berezia lortu dogu, ez da holango gauza askorik egiten hemen inguruan, ganeratu dau.
Luis Vilek zuzendutako Flores de papel metraje laburreko filman elkar ezagutu eben, baina hainbat denporan alkarri jaramonik egin barik egon ziran. Jatorri eta estilo sano desbardineko musikariak izanik, Mara-mara proiektuan alkartu dira lehenengo aldiz. Batak bestearengandik ikasi dauela autortu dabe prentsaurrekoan.
Danetariko abestiak ditu Mara-marak: tabernako pasodoble antzekoa, Begira ezazu-n; AEBen et Mexikoren arteko mugako doinuan, Beste abesti bat-en; countrya eta folka, Isiltasunera-n; rock gordina,Poesia-n; pianoa, Pianoaren notak-en; kabareteko giroa, Lehenengo hitz batzuk-en; Tom Waitsen abestietako prekusinoak, Nire aberria-n; pop-rocka gitarreroa, Kartzela-n; eta, giro iluna, Maite dut gaua-n.
Igor Arzuagak Exkixu taldean eta Mikel Urdandagarinen lehenengo diskoetan parte hartu eban, harik eta bakarkako ibilbidea hasi arte. Aurkeztu barri dauenaz gan, beste lau lan ditu kalean: Argi izpi bat eta Smog, Igor Arzuagaren izenagaz; eta, Lagun eroa eta Unibertsoa gu, Mara izenagaz. Disko intimistak dira danak, pop, rock eta folk doinudunak. Luis Vilek, barriz, nahiago ditu hard-rocka eta punka, izan be, 90eko hamarkadan Ironic Cancer Phobia, Triturbo eta Drellas taldeetan ibili zan. Ondoren, musika lasaiagoa egiteko gogoz, Ricoamor proiektua sortu eban. Gaur egun bakarka joten dau, eta baditu hiru bat disko: Retratos del caos, Sapos y culebras eta Versos ajenos.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!