'Casa y familia en Vasconia' lan potoloa bai neurriz baita maminez be plazan honezkero

Bizkaie! 2011-11-24 14:01

Casa y familia en Vasconia, Etniker Euskalerria Taldeek egindako Atlas Etnografikoa lanari batu jakon zazpigarren ekarpena gaur aurkeztu dabe Bilbon.

Casa y familia en Vasconia, Etniker Euskalerria Taldeek egindako Atlas Etnografikoa lanari batu jakon zazpigarren ekarpena gaur aurkeztu dabe Bilboko BBK Aretoan; bertan izan dira Gorka Martinez (BBK), Jose Luis Iparragirre (EJko Ondare zuzendaria), Josune Aristondo (BFAko Kultura diputadua) eta Ander Manterola (Etniker Euskalerria).

Erakunde babesleei eskerrak emon ostean, Ander Manterolak adierazo dau ikerketa etnografiko honen aztergaia Euskal Herriko giza taldearen bizimodua dala, kultura tradizionala eta XX. mendean izandako aldaketak ikertzen dituala eta berenberegi gogoratu dau Jose Miguel Barandiaranek orain 80 bat urte sortu eta abian jarritako egitasmoaren emoitzea dala. Ganera, Barandiaranen heriotzearen 20. urteurrenea dan honetan, zazpigarren ekarpen hau oso-osoan Barandiarani dedikauta dagoala gogoratu dau.

Josune Ariztondok, barriz, Etniker Euskalerria Taldeek eta Labayru Ikastegiak urteetan egindako lana autortu ondoren, Casa y familia en Vasconia lana benetako altxorra dala eta euskal kulturan sakondu gura dabenentzako tresna garrantzitsua izango dala esan dau baina, oro har, danontzako izango dala lagungarria euskal kultura tradizionalaz ikasteko.

Jose Luis Iparragirrek be babes osoa eskaini deutso Euskal herriko Atlas Etnografikoaren egitasmoari eta lanaren balioa goraipatzeko adierazo dau joandako denporetako kontu eta tradizinoak ezagutzea nahitaezkoa dala orainari eusteko eta etorkizunari aurre egiten jakiteko.

Labayruko zuzendari Adolfo Arejitak erakunde babesle guztien ahalegina eskertu dau, krisi sasoian epe luzeko holako proiektu potoloak babestea ohiz kanpokoa dalako.

Zazpigarren alearen gorabeherak, barriz, Segundo Oar-Artetak emon ditu. Honezkero, honako liburukiak argitaratu dira: Etxeko elikadura (1990, berrarg. 1999), Haur jolasak (1993), Heriotza ohikuneak (1995), Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak (1998), Abeltzaintza eta artzaintza (2000) eta Herri medikuntza (2004). Lan guztiok Etniker Euskalerria Taldeek egindako ikerketa etnografikoaren emoitza dira. Lana Ander Manterolaren zuzendaritzapean egin da, On Jose Migel Barandiaranek diseinau eta abiarazotako Atlas Etnografikoa egitasmoaren barruan.

Atlas Etnografikoak Euskal Herriko giza taldeak ditu aztergai era askotako agerpenetan; era berean, kultura tradizionala aintzat hartzen dau, XX. mendetik XXI. mendera arte erregistrau izan dan legez, bai eta egindako aldaketak be.

Landa-azterketea Euskal Herriko lurraldean egin da, Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Pirinio Atlantikoetako departamendu frantsesak osotutako lurraldean. Danetara, 3.099.723 biztanle batzen ditu.

Landa-lana zazpi probintzietako 87 udalerritan egin da honetara banatuta: Araban 14, Bizkaian 16, Gipuzkoan 17, Nafarroan 27, Behe Nafarroan 9, Lapurdin 2 eta Zuberoan 2. Inkestatutako udalerriak hautatzeko, aztergai dan lurraldearen eskualde-aniztasuna hartu da aintzat, bai eta aztertutako guneena be (landa, uri edo kostaldeko guneak). Barri-emoileen banaketea lurraldeka ondokoa da: Arabakoak 136 , Bizkaikoak 162, Gipuzkoakoak 156, Iparraldekoak 26 eta Nafarroakoak 270.

Erabilitako galdera-sorta etnografikoa Barandiaranek 1974. urtean argitaratutako Guía para una encuesta etnográfica lanean dago jasota (I. eta II. kapituluak. Etxeko taldea eta Etxeko taldearen erabilerak), eta honakoei erreferentzia egiten deutsen galderei jagoke: Etxea (11tik 36ra bitarteko galderak), Altzariak (1etik 14 bitarteko galderak), Familia (105etik 121era bitarteko galderak) eta Senar-emazteen arteko hartu-emonak (122tik 133ra bitarteko galderak).

Edukia, funtsean, landa-etxe tradizionalari eta ha atontzen daben altzari eta tresnei buruzko landa-azterketan eskuratutako datuetan oinarritzen da. Azterketa etnografikoa da, eta ez arkitektonikoa, nahiz eta alderdi hori kontuan hartzen dan. Etxean bizi dan familiaren analisiagaz osotzen da, izan be, ikerketa-lana ez da elementu hutsetara mugatzen, bizitzaz beterikoetara baino; etxeek funtzino bat dabe, eta, batez be, nekazaritza-abeltzaintza arloko bizimoduari erantzuteko dagoz antolaturik.

Kontuak kontu, lana 21 kapitulutan dago egituraturik. Atariko lana egiten dauen berbaurrearen ondoren, argitalpenak 3 kapitulugaz jarraitzen dau: lurraldea jenteztatzeko modu desbardinei buruzkoa; etxeak lurragaz, klimeagaz eta jarduereagaz dauen lotureari buruzkoa; eta etxeen izenari, orientazinoari eta egoereari buruzkoa, hurranez hurran.

Hurrengo 6 kapituluak etxearen egitureari buruzkoak dira: horretako lehenak eskualde ugaritako etxe motak deskribiduten ditu; hurrengo hirurek, barriz, zehetasunez azaltzen ditue teilatu, zimendu, horma, ate eta leiho motak; hurrengo biak etxe barruko banaketearen ganekoak dira, jagokozan planoez lagundurik; azkenik, apaindura-elementuak aitatzen dira.

Sutondoa etxearen eta etxebizitzaren erdigune moduan, sukaldea eta argiztapen sistemak modu berezian landu dira. Tresnak, altzariak eta egongelea, gelea eta komunetako hornidurak, eta etxearen garbiketea, erropa eta baxera berariaz jorratutako gaiak dira.

Kapitulu batek etxearen eraikin osogarriak eta nekazaritza-abeltzaintza jardueretarako espazioak ditu berbagai. Sutondoan egindako errituak eta etxearen sinbolo babesleak sinismenei buruzko kapitulu biren aztergai dira.

Familiaren gaia jorratzeko 5 ataletan familia deskribiduten da, eta ahaidetasuna, ondarea, transmisino moduak, senar-emazteen bizitza eta funtzinoak, familiaren ohorea eta ohorea defendiduteko moduak aztertu ditue.

Liburuki honek zein aurrekoek sarrera moduko kapitulua daukie. Bertan, proiektua eta lanaren metodologia azaltzen dira, eta ingurumenaren eta gizakiaren gaineko datuak, inkestatutako udalerrien datu geografikoak, erabilitako zein konsultautako bibliografia eta aurkibide tematikoak eta analitikoak emoten dira.


Fitxa teknikoa:

Casa y familia en Vasconia
ISBN: 84-92599-24-0
Argitaratze data eta lekua: Bilbao, 2011
Orriak: 1.052
Irudiak: 518
Egilea: Etniker Euskalerria Taldeak eta Labayru Ikastegia
Idazketa eta argitalpena: Labayru Ikastegia
Lurralde osoan inkesta egindako herriak: 87.
Barri-emaileak: 750.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu