Bilboko Udal Txistulari Bandeak eta Naroa Intxausti sopranoak Santa Zezeilia ospatuko dabe Iurretan eta Bilbon
2011-11-22 11:38 MusikeaKontzertuak, gaur martitzena 22an, Mikel Arkanjelu Deuna Iurretako Eleizan (19:30ean) eta bihar, eguaztena 23an, Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan, 20:00etan, izango dira. Bi kontzertuetarako sarrerea librea izango da jarleku guztiak bete arte.
Bilboko Udal Txistularien Bandeak kontzertu berezi bi eskainiko ditu asteon Santa Zezilia eguna ospatzeko. Euskal musika tradizionalari omenaldia eskainiz, Naroa Intxausti bilbotar sopranoaren kolaborazinoari esker eta Angel Unzu gitarra joleagaz eta Mariano Santamaria piano joleagaz batera, ikusleek, euskal kantutegiko klasiko handiak eta kantautoreak gozetako aukerea izango dabe, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Xabier Lete, berbarako. Kontzertuak, gaur martitzena 22an, Mikel Arkanjelu Deuna Iurretako Eleizan (19:30ean) eta bihar, eguaztena 23an, Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan, 20:00etan, izango dira. Bi kontzertuetarako sarrerea librea izango da jarleku guztiak bete arte.
Aitatutako Laboa, Lertxundi eta Leteren Txoria, txori, Loretxoa edo Xalbadorren heriotzean obrak interpreteteaz gan, Garikoitz Mendizabal Bandako zuzendariak errepertorio zabala aukeratu dau. Holan, Raimundo Sarriegi eta Ramón Artolalen Oh, Euskal Herri maitea; José María Usandizagaren Txantxangorria; José Antonio Santestebanen Kontxesirentzat; José Ibarraren Donostiarra; Jesús Aranbarriren Atea tan tan eta Aioarra Nimiño; Jesús Martínez Villarren No te olvido; eta Bortian auzki eta Maitia nun zira herrikoiak be interpretauko ditue.
Ahots, gitarra eta pianoagaz lagundurik
Bilboko Udal Txistulari Bandeagaz batera, -Garikoitz Mendizabal (zuzendaria eta lehen txistua), Idoia Kareaga (bigarren txistua), Gorka Zabaleta (silbotea) eta Asier García (perkusinoa-atabala)-, Naroa Intxausti bilbotar soprano entzutestuak, Angel Unzu gitarra-jole ospetsuak eta Mariano Santamaria piano-jole ezagunak be parte hartuko dabe.
Naroa Intxausti, 1981ean Bilbon jaioa da. Gaztea izan arren, 2000. urtean Mozarten Misa de coronación interpretau ebanetik, opera muntaia askotan parte hartu dau. Bere curriculum zabalean izen handiko hainbat maisu eta orkestragaz lan egin dau, besteak beste, Fidelio obran (Beethoven), Norma-n (Bellini), Rossiniren La Cenicienta obran, Sorozábalen La tabernera del puerto-n edo Fallaren El retablo de maese Pedro obran. Azken denporaldi honetan, Donizetti maisuaren El elixir de amor obreagaz Berlingo Kammeroper Schloss Rheinsberg-egaz eta Bartzelonako Liceo Antzokian, Mozarten Las bodas de Fígaro obreagaz be lan egin dau.
Angel Unzu iruindarra, euskal gitarra-jole eta konposatzaile ospetsuenetarikoa da. Folk eta jazzagazko dauen zaletasuna bere diskoetan ikusten da, besteak beste, 13 solos eta Melodías de piel izenekoetan, Iñaki Salvadorren kolaborazinoakaz. Grabazino etxeetako musikari moduan artista askogaz hirurogeita hamar diskotik gora grabau ditu baina ez bakarrik musikari moduan, baita moldatzaile eta produktore lez be, berbarako, Benito Lertxundigaz (sarritan laguntzen deutso kontzertuetan). Jabier Muguruzagaz, Oreka TXegaz, Iker Goenagagaz, Alaitz eta Maiderregaz, Anje Duhaldegaz, Olatz Zugastigaz, Amaia Zubiriagaz eta beste zenbait artistakaz be ibilten da.
Beste alde batetik, Mariano Santamaría nikaraguarrak, Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean eta Rótterdam-go (Holanda) Musika eta Jantzako Goi Eskolan egin zituan ikasketak. Mexikon zein nazinoarte mailako Pianoko zenbait lehiaketetan saritua izan da, besteak beste, Mexiko Hiriko Piano Angélica Morales sari Nazionala edo eta Pariseko Jean Françaix nazinoartekoa. Gaur egun, Leioako Kontserbatorioko piano irakaslea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!