Sentimenduen epikea dakar Berri Txarrak taldeak 'Haria' disko barrian
2011-11-21 14:55 MusikeaBerri Txarrak taldeak Haria disko aurkeztu dau, prentsaurrekoan. Hamabi kanta ditu nafarren zazpigarrenak, Kaiowas etxeagaz kaleratu daben lehenengoa. Zezeilean hasiko dira lan barria zuzenean eskaintzen Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre.
Sentimenduen epikea, holan aurkeztu dau Gotzon Barandiaranek Berri Txarrak taldearen Haria disko barria. Taldearen zale guztiek topauko euren kantea disko lan honetan, eta zeozer barria be ikusiko dabe; ahotsaren indarra, taldearen ahotsa, ganeratu dau. Hamabi kanta ditu nafarren zazpigarrenak, Kaiowas etxeagaz kaleratu daben lehenengoa.
Gorka Urbizuk (ahotsa eta gitarrea), David Gonzalezek (baxua) eta Galder Izagirrek (bateria) Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dabe prentsaurrekoan, eta bertan diskoaren ganeko hainbat zehetasun eskaini ditue. Urbizuk Ross Robinson produktorearen lana nabarmendu dau: Eskua sartu dau gure musikan, soinu eta moldaketetan. Eta soinuan esperimentetera bultzatu gaitu. Hiru taldekideek azaldu dabenez, Robinsonek mugaraino eroan ditu, eta barruan eukezan baina ezagutzen ez zituenak atara deutsez. Taldea motibau egin dau. Energia berezia dauka lanak, azpimarratu dau abeslariak. Robinsonek The Cure eta Sepultura taldeekaz behar egin dau, besteak beste.
Los Angelesen (AEB) grabau dabe diskoa, Robinsonenean, 50 egunetan. Lehenengo aldiz egin dabe lan produktore bategaz, eta emoitzeagaz gustura dagoz. Esperientzia aberasgarria izan da. Prozesuan asko sartu da, ez da tekniko hutsa izan. Hartu-emon intensoa eta hurrekoa izan da, azaldu dau Gonzalezek. Asko ikasi dabela onartu dau Izagirrek. Deigarria egin jakon euskeraz abesteak, hain hiztun gitxi izanda. Han kokoteraino dagoz ingelesez txarto egiten daben kanpoko taldeekaz, eta asko balorau eban guk euskeraz egiteak. Bere ustez, talde nahiko martzinoa garela uste dot, baina gogoko gaitu, segidu dau.
Haria Berri Txarraken musikan aurrerapausu bat dala adierazo dabe prentsaurrekoan; ahotsen melodiek, esaterako, poparen doinua daukie kanta batzuetan, Makuluak eta Irailan-n, berbarako. Galder Izagirre taldean sartzeak izan dau eraginik aldaketa horretan, Urbizuk autortu dauenez. Inprobizazinorako izan da lekurik diskoan; halanda ze, azkenengo abestia, Lehortzen inprobisazino hutsez sortutakoa da.
Ñabardura asko dituen diskoa da, Izagirreren esanetan, eta ez da lehenengo entzunaldian atrapetan zaituenetakoa. Halan be, entzuten dozun bakotxean gauza barriak topetan dozuz, azaldu dau.
Durangoko Azokan Gor diskoetxearen erakusmahaian izango da lan barria, aurreko guztiekaz batera. Ahotsenean be egon dira, abenduaren 7an, 17:00etan.
Zezeilean hasiko dira diskoa zuzenean aurkezten eta lehenengo hitzordua Bilboko Santana 27 aretoan izango da, zezeilaren 3an, hain zuzen be.
Berri Txarrakek 1997an kaleratu eban lehenengo diskoa, taldearen izen beragaz, Gor diskoetxeagaz. Handik urte bira Ikasten argitaratu eban; 2001ean, Eskuak/Ukabilak; 2003an, Libre; eta, 2005ean, Jaio. Musika. Hil. Bost diskook Gor etxeagaz plazaratu zituen. 2009an, Payola aurkeztu eben, Roadrunner etxeagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!