Ruper Ordorikak hodeien azpian eta sasien ganean kantetan dau disko barrian

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-10-27 15:17   Musikea

Hamaika kanta barri ditu Ruper Ordorikaren Hodeien azpian diskoak, berak sortuak dira ganera doinu eta berbak guztiak. Azken urte biotan egindako abestiak dira. Bakarka landu ditu oraingoan abestiak oñatiarrak, eta ordu asko emon ondoren joan zan Brooklyneko Bedford Studiora, Andy Tommasirengana, diskoa grabetan

Hamaika kanta barri ditu Ruper Ordorikaren Hodeien azpian diskoak, berak sortuak dira ganera doinu eta berbak guztiak. Azken urte biotan egindako abestiak dira, aurreko lana (Haizea Garizumakoa) zuzenean aurkezten ebilela ondutakoak. Ez naz lar abila kantak sortzen eta kontzertuak emoten, baina sasoi on bat izan neban kantak egiteko, autortu dau Ordorikak lan barriaren aurkezpenean. Elkar diskoetxeak argitaratu dau diskoa.

Bakarka landu ditu oraingoan abestiak oñatiarrak, eta ordu asko emon ondoren joan zan Brooklyneko Bedford Studiora, Andy Tommasirengana, diskoa grabetan. Asko landutako abestiak dira, nahiz eta erraz entzuten diran, azaldu dau.

Disko zuzen eta hurrekoa da, entzun eta ulertzeko modukoa. Positiboa dala esan deustie. Umorezko kantaren bat be sartu dot lehenengoz aldiz, umorezkoa-edo, ganeratu dau Ordorikak. Hodein azpian, sasien ganean; hortxe dago Ruper Ordorika disko barrian. Bien artean dagoena mundua da -esan dau- horren ganean kantetan dot. Nire ustez, hor dago gure mundua.

Albuma baino banakako abestiak dira Hodeien azpian lanekoak; banan-banan entzuteko modukoak, baina batera be ederto emoten dabenak. Abesti potenteen bildumea da, akaso, albuma baino, onartu dau.

Abestiak New Yorken grabau ditu, Brooklyneko Bedford Studion, Andy Tommasiren zuzendaritzapean, eta Stephen Ulrich (gitarra elektrikoa), Skuli Sverrisson (baxua), Kenny Wollesen (bateria) eta Ben Monder (gitarrea) musikariak lagun dituala. Nahasketak Elkar estudioan egin ditu Jean Phocasek, eta masterra, ostera, Jonan Ordorikak. Azala Oskar Alegriak egin dau.

Zintan grabau dau diskoa, analogikoan. Maite dot modu hori, eta posible dan bitartean egin egingo dot, esan dau. Grabetako modu horregaz, musikariak ezin leike espekulau, Ordorikaren arabera. Nire abestiak eskatzen eben, eta emoitzea interesetan jat. Azkenengo hiru bat diskotan holantxe jardun dau, eta sano gustura dagoala nabarmendu dau. Etxera bueltan, dana dala, Mugalarien laguntasuna izan dau estudioan.

Hodeien azpian diskoa aurkezteko birea abenduaren 1ean hasiko da, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan; ostean, hainbat zuzeneko izango dira, besteak beste, abenduaren 11n, Elgetako Espaloian; 23an, Bilboko Kafe Antzokian; 29an, Donostiako Victoria Eugenian; urtarrilaren 7an, Durangoko Plateruenan; eta, 14an, Zarautzeko Lizardin. Zuzenekoetan Mugalariekaz batera joko dau, hau da, Arkaitz Miner, Fernando 'Lutxo' Neira eta Hasier Oleagagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu